Euskara eta aisialdiko diru-laguntzen ebazpenak argitaratu ditu Udalak

Noaua Aldizkaria 2019ko abu. 27a, 11:46

Behin behineko ebazpenak dira Usurbilgo Udaleko diru-laguntzen batzorde orokorrak plazaratu dituenak. Bi deialdietara guztira, 48 eskaera aurkeztu dituzte herritarrek. Udalak eskaera guztion artean 17.331,24 euro banatzea ebatzi du.

Ekainaren 24tik uztailaren 5era finkaturiko epearen baitan, urtean zehar euskara ikasten aritu edo aisialdiko begirale nahiz zuzendari titulua eskuratzeko ikastaroren bat egin zuten herritarrei diru-laguntza jasotzeko deialdietara eskabideak egiteko aukera eskaini zien Udalak.

Aipatu moduan, hamabostaldi horren baitan guztira 48 eskaera aurkeztu zituzten herritarrek, 11 aisialdiko ikastaroen diru-laguntza deialdian, 37 euskarako ikastaroei loturikoan. Eskaerak aztertu ostean, Udaleko diru-laguntzen batzordeak 17.331,24 euro banatzea ebatzi du. 15.363,74 euro, pasa den ikasturtean euskara ikasten aritu zirenen artean. 1.967,50 euro aisialdiko zuzendari nahiz begirale tituluak eskuratzeko ikastaroren bat egin zutenen artean.

Behin behineko ebazpena da Udalak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean abuztuaren 16an kaleratu zuena. Segidan 10 eguneko alegazio epea zabaldu zuten. Epe hau igaro ostean emango du argitara Udalak, diru-laguntza deialdion gaineko behin betiko ebazpena.

Euskara doan ikasteko aukera
Aisialdiko diru-laguntza deialdiaren kasuan, ikastaroon %50a diruz-laguntzeko aukera eskaintzen zuen Udalak. Begirale izateko ikastaroen kasuan, gehienez ere 250 euroko laguntza, aisialdiko zuzendari ikastaroaren kasuan, gehienez 170 euroko laguntza iragarri zuen. 

Euskarakoen kasuan, geure hizkuntza doan ikasteko aukera. Matrikula kostuaren %100eko diru-laguntza jaso zitekeen (600 euroko mugarekin). 

AISIALDIKO ETA EUSKARAREN DIRU-LAGUNTZEN BEHIN BEHINEKO EBAZPENAK
Aisialdiko begirale/zuzendari ikastaroak egin dituztenentzako diru-laguntza deialdia
Aurkezturiko eskaera kopurua: 11.
Banatutako diru-laguntza kopurua guztira: 1.967,50 euro.

Euskara ikasteko ikastaroak egin dituztenentzako diru-laguntzak
Aurkezturiko eskaera kopurua: 37.
Banatutako diru-laguntza kopurua guztira: 15.363,74 euro.