Azken aldian gurean grabaturiko filmak, nazioarteko biran

Noaua Aldizkaria 2019ko abu. 29a, 08:49

Txintxua films ekoiztetxearen "Oreina" eta "Dantza" lanek Europa edota Hego Ameriketara jauzi egin dute uda honetan. Urte hasieran Txokoaldeko Torrea eraikinean grabatzen aritu ziren "Ventajas de viajar en tren" filma udazken honetan estreinatuko dute Sitgeseko zine jaialdian eta zinemetan.


"Dantza" Ipar Euskal Herrian

Iazko abenduan estreinaturiko filma abuztuaren 20an eskaini zuten lehen aldiz Ipar Euskal Herrian, Baionan. "Atzo Iparraldean izan ginen aurrenekoz eta harrera ezin hobea izan zuen filmak", adierazi du egunotan Txintxua Films ekoiztetxeak. Abuztuaren 30ean Miarritzen, hilaren 31n Donibane Lohitzunen eta irailaren 1ean Maulen proiektatzekoak dira. Pozik baita filmean parte hartu zuen dantzarietako bat, Gari Otamendi. "Azkenean Dantza Euskal Herri osoan ikusteko aukera izango dugu", zioen egunotan sare sozialen bidez. 

Gogoan izan, besteak beste, Usurbilgo Orbeldi Dantza Taldeak parte hartu zuen Telmo Esnalek zuzenduriko film honetan. Nazioartean Txilen ere proiektatu dute uda honetan.


"Oreina" Txilen eta Bulgarian
2017ko udazkenean Aginagan eta Usurbilen grabatu eta iazko Donostiako Zinemaldian estreinaturiko filmak nazioartera jauzi egin du azken asteotan. "Dantza" eta "Amama"-rekin batera, itsasoz bestalde, Txileko Viña del Marren ospaturiko euskal zine zikloaren baitan proiektatu zuten Koldo Almandozek zuzenduriko ikus-entzunezkoa uztailean zehar. Hilabete berean Bulgariako Nazioarteko Zine Jaialdian ere eskaini zuten. Urte hasieran, Espainiako zine informatzaileen elkarteak Bilbon, Bilbao Arena Kirol Jauregian banatu zituen 2019ko Feroz Sarietarako ere izendatua egon zen "Oreina".

Irudiak: Txintxua Films.


"Ventajas de viajar en tren"
Urtarrila amaieran Txokoaldeko Torrea eraikinean, baita Gipuzkoako eta Nafarroako beste txoko batzuetan aritu ziren grabatzen. Antonio Orejudoren izen bereko liburuan oinarritua dago, Aritz Moreno (Donostia, 1980). Morenoren lehenengo luzemetraia azaroaren 8an helduko da zinemetara. Arrue, Sitgeseko zine jaialdiko sail ofizialean lehiatuko da. Luis Tosar, Pilar Castro, Ernesto Alterio, Quim Gutierrez, Belen Cuesta, Macarena Garcia, Javier Botet, Javier Godino, Gilbert Melki, Ramon Barea, Antonio de la Torre, Ingrid Garcia Jonsson, Daniel Horvath aktoreek parte hartu dute intrigazko film honetan.

Hala dio filmaren sinopsiak: "Senarrak burua erabat nahastua duela jabetu ostean, Helga Pato editore literarioa senarra psikiatriko batean ospitaleratu beharrean aurkitzen da. Trenez egiten duen itzulerako bidaian, ezezagun batek, bidaia girotzeko, "Nire bizitza azaltzea gustatuko litzaizuke?" galdetzen dio. Bera Angel Sanagustin da, klinika berean lan egiten duen psikiatra. Gaixoen idatzi eta kontakizunen bidez nortasun arazoak ikertzen ditu. Angelek inoiz kudeatu behar izan duen kasu kliniko bitxi eta okerrena kontatzen dio. Beste gauza askoren artean, zaborrarekin obsesionatua dagoen gaixo parainoko oso arriskutsua den Martin Urales de Ubedarena".