2019ko hirugarren hauteskunde eguna, azaroaren 10ean

Noaua Aldizkaria 2019ko ira. 18a, 11:05

Oraindik ofizialki deitu ez badira ere, Espainiako Gorteetarako hauteskundeak errepikatuko dira azaroaren 10ean. Urteko hirugarren bozketa eguna izango dugu.

Espainiako Gobernu berria osatu ezinik dabiltzanez, berriz ere apirilaren 28ko hauteskundeak errepikatzea erabaki dute Madrilen. Eguna ere finkatua dago; 2019ko hirugarren hauteskunde eguna izango dugu datorren azaroaren 10a, Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan. Eta noski, Usurbilen.

Hauteskunde egun honi lotutako egutegi zehatza aurrerago argitaratuko duten arren, argi dagoena da, datorren astelehen gauerdian desegingo dituztela Espainiako Gorteak. Apirileko deialdiarekin alderatuta, bi astekoa ez, astebeteko hauteskunde kanpaina izango da, 37 eguneko aurrekanpaina. Ia 140 milioi euro bideratuko omen dituzte hitzordu honetara.

Gogoan izan, Espainiako Gorteak berrituko dira azaroaren 10eko hauteskunde egunean; Madrilgo Diputatuen Kongresua eta Senatua. Usurbildarrek, Gipuzkoak bi erakundeotan izango duen ordezkaritza erabaki ahalko dute. Sei diputatuek ordezkatuko dute Gipuzkoa Espainiako Kongresuan. Lau senatarik Senatuan. Kongresurako aurkeztuko diren hautagai zerrendetatik bat hautatu ahal izango da. Senatuaren kasuan, bozkatzeko modua ezberdina izan ohi da. Deialdira aurkeztutako alderdietako hautagai bat, bi edo hiru aukeratu ahalko dira. Denak alderdi berekoak, edo desberdinetakoak.