#A10 hauteskundeak

#A10 Mertxe Aizpurua, Madrilgo Diputatuen Kongresurako EHBilduren Gipuzkoako zerrendaburua

Noaua Aldizkaria 2019ko urr. 7a, 09:52

Apirilaren 28ko hauteskundeetara aurkezturiko hautagaitza errepikatuko du EHBilduk, azaroaren 10eko Espainiako Gorteetarako hauteskunde errepikapenera. Orduko hartan bezala, usurbildar bat izango da hautagaien artean. Gipuzkoako zerrendaburua hain zuzen, udaberriko deialdian bezala, Usurbilgo alkate ohi Mertxe Aizpurua Arzallus izango da. 

EHBilduren Mahai Politikoak azaroaren 10eko Espainiako Gorteetarako hauteskundeetarako hautagaiak apirilaren 28ko deialdiko berak izatea proposatu zuen joan den astean. Mahai Politikoak eginiko proposamena EHBilduko oinarriek berretsi eta urriaren 6an aurkeztu zituzten jendaurrean. Madrilgo Diputatuen Kongresurako Gipuzkoako zerrendaburua honenbestez, Mertxe Aizpurua Arzallus izango da. Usurbilgo alkate ohi eta Udalbiltzako lehendakari ohia. 

Euskaraz eta euskal errepublika aldarrikatuz 
Apirilaren 28ko hauteskundeetan Gipuzkoan jasotako babesari esker, Mertxe Aizpurua diputatua izan da Madrilgo Kongresuan azken hilabeteotan. Maiatzaren 21ean hartu zuen kargua 2011-15 legealdian Usurbilgo alkate izandakoak.

"Bai, hitza ematen dut legeak behartuta, Euskal Errepublika sortu arte". Hitzokin, euskaraz eta euskal errepublika aldarrikatuz hartu zuen diputatu kargua Madrilgo Kongresuan, Mertxe Aizpurua Artzallus usurbildarrak. Usurbilgo alkate ohiaren eta gainerako diputatu independentista euskaldun eta katalanen kargu hartzeak boikoteatzen, entzuna izan ez zitezen ahalegindu ziren diputatu espainolistak, antza Vox-eko diputatuak hanka kolpeen hotsekin eta oihu artean. Kongresuko mahaiak ez zuen eragotzi jarrera hau eta kargu hartze ekitaldiarekin aurrera segi zuten.

Gutxitan bezala entzun zen euskara Diputatuen Kongresuan. Hementxe duzue, Usurbilgo alkate ohiak kargua hartu zuen unea: https://app.congreso.es/v/13642072 (Une honetan: 3´50´´).

Ondoko argazkian duzue Mertxe Aizpurua, legealdia abiatu berritan, EHBilduk Madrilgo Kongresuan izango dituen gainerako diputatu kideekin batera. Aizpuruarekin batera, Oskar Matute, Jon Iñarritu eta Iñaki Ruiz de Pinedo. 

Gogoan izan, Kongresuan diputatu kargua hartu zuen bigarren usurbildarra izan zela Mertxe Aizpurua. Aizpuruaren aurretik (2007-11 legealdian), Usurbilgo alkate izandako Xabier Mikel Errekondo ere diputatu izan zen Madrilgo Kongresuan Amaiur koalizioarekin 2011-15 legealdian.

Irudien egilea: EHBildu.