Datorren Liburutegiaren Eguna astean bilakatuko du Sutegik antolaturiko ekimen zikloak

Noaua Aldizkaria 2019ko urr. 16a, 09:16
Ugaitz Agirreren "Tximeletak bizkarrean" eleberria iazko ekainean liburutegian aurkeztu zeneko argazkia.

Haur, gaztetxo nahiz helduentzako ekimen astea iragarri du Sutegik urriaren 22tik 25era, tartean, hilaren 23an ospatuko den Liburutegiaren Egunaren bueltan. Zikloak punta-puntako idazle ezagunak eta Usurbilgo sortzaileak bilduko ditu.

Txikienentzat eta gazte zein helduentzat bina saio iragarri dituzte. Bi euskal idazle ezagunek bideratuko dituzte haur eta gaztetxoei zuzendurikoak; Xabier Olasok eta Juan Kruz Igerabidek. Euskadi Saridun Olasok bere liburuekin hitzekin jolasten jarriko ditu ikus-entzule gaztetxoak. “Kantatzen, dantzan eta jolasten amaituko omen dugu”, Iguaranek iragarri duenez. Saio gomendagarria iruditzen zaio baita guraso edota hezitzaileentzat.

Igerabide, urte honetan bertan haur literaturako sari nazionala irabazi duen "Abezedario titirijario" lanarekin dator Sutegira, emanaldian bilakatuta. Abezedarioa jolas bihurtuta, “saio ludiko bat eskainiko du, tailer modukoa”.

Herritarrak ardatz
Ahal dutenero etxekoekin elkarlanean aritzen dira Sutegi udal liburutegikoak. Nabariko da datorren asteko hitzorduetan ere. Lau ekitaldietako bi herritarren eskutik gauzatuko dira. Batean, Ugaitz Agirreren estreinako eleberria, “Tximeletak bizkarrean” hartuta, beste herritar batek, Yolanda Arrieta idazleak gidatuko duen euskarazko irakurketa topaketa ospatuko dute. Hamalaugarren ediziora heldu dira solasaldiok. “Oso giro ona egoten da. Oso aberasgarria izaten da idazlea bera topaketan bertan egotea. Denok dugu kuriositate handia sortze prozesuari buruz. Saio oso aberatsak izaten dira”, Iguaranen esanetan.

Ekimen astea, Idoia Torregarai umoregilearen bisitak borobilduko du. “Espresuki umore pieza bat prestatu du liburutegiarentzat”, iragarri digute Sutegitik. Aurrerapentxo bat egin digu Bakartxok. “Idoia liburutegiko erabiltzaile eta defendatzaile sutsua da. Oso irakurzalea da. Askotan txantxetan nere kabezerako liburuzainak deitzen gaitu. Hortik abiatuta pieza bat egingo du. Interaktiboa izango da, gu ere parte hartzen jarriko gaitu”, dio Iguaranek.


LIBURUTEGIAREN ASTEA
Tokia: Sutegi udal liburutegia.

Urriak 22, asteartea
18:30 
"Tximeletak airera" emanaldia.
Zehaztasunak: "Xabier Olasoren eskutik, hitzekin jolasean ibiliko gara Liburutegian. 3 urtetik gorako neska-mutilei, eta gaiarekiko interesa izan dezakeen edonori zuzendutako saioa izango da. Ohar garrantzitsua: 3-5 urteko haurrek heldu batekin egon beharko dute. Iraupena: ordu bete inguru".

Urriak 23, asteazkena
19:00 14. Euskarazko Irakurketa Topaketa.
Zehaztasunak: "Ugaitz Agirre herritarraren Tximeletak bizkarrean eleberria izango dugu mintzagai Liburutegian eta idazlea bera gure artean egongo da; zeregin horretan, bidelagun Yolanda Arrieta Malaxetxebarria herritarra eta idazlea izango dugu. Liburuak jada eskuragarri daude Liburutegian".

Urriak 24, osteguna
18:30 "Abezedario titirijario"emanaldia.
Zehaztasunak: "Juan Kruz Igerabideren eskutik, letrekin jolasean ibiliko gara Liburutegian. 6 urtetik gorako neska-mutilei, eta gaiarekiko interesa izan dezakeen edonori zuzendutako saioa izango da. Iraupena: ordu bete inguru".

Urriak 25, ostirala
18:30
“Jar ezazu Liburuzain bat zure bizitzan”
Zehaztasunak: "Idoia Torregarai usurbildar umoregileak, espresuki Sutegi Liburutegirako prestaturiko umore-pieza bat eskainiko digu; saioa interaktiboa izango da, eta Liburutegiko erabiltzaile izan edo ez, gazte(txo) zein heldu...dibertimendua ziurtatuta dago! Eta lasai, emanaldiak 45 minutu iraungo ditu, beraz, ostiral iluntzeko poteorako libre izango zarete".

Antolatzailea: Usurbilgo Udala.