Aginagako errolda, Maria Angeles Arrutiren zenbakitan

Noaua Aldizkaria 2019ko urr. 17a, 09:33
Maria Angeles Arruti, Aginagako plazan.

Hasi Intxaurreta ingurutik mendialdean gora, eta handik behera Kaxkoraino, zenbat etxe eta baserri dauden, zenbat emakumezko eta gizonezko bizileku bakoitzean, ze adin tartekoak diren, zenbat jaio eta hil diren... Aginagako biztanleriari lotutako datu bilduma osatu du Maria Angeles Arrutik. Eta ia dena buruz egin du, etxez etxe galdetzen ibili beharrik izan gabe. Eskuz, koaderno batean jasoak ditu datu guztiok.

“Erraz ikasten ditut zenbakiak eta beti gustuko izan dut idaztea. Hala ikasi genuen eta kalkulagailua erabiltzea baino gustukoago dut eskuz egitea”, adierazi dio NOAUA!ri Arrutik.

Hirugarren neurketa du honakoa, 2018ra arteko datuak eguneratu ditu. ETB-ren Herri Txiki Infernu Handi saiorako prestatu zuen. Eta oraingoan gainera azterketa berri bat egin du; Aginagako alargun kopurua ere kalkulatu du. Argi dio, Aginagari buruz osatu duen errolda ez da ofiziala, baina bai argi denez, zehaztasun maila handikoa.

Biztanleriaren herenak, 60 urte baino gehiago
NOAUA!n Aginagako kronika idazten zuen garaian bururatu zitzaion datu bilketa hau egiten hastea, irakurleentzako interesgarria izan zitekeelakoan. “Majiña bat zirriborro egin nituen” orduko hartan.

Bi urtean behin egin ohi duen neurketa honen inguruko datuak interpretatzea eskatu diogu Arrutiri. Aurreko neurketatik, 445etik 471ra igo zen biztanle kopurua iaz. Igoeraren atzean eskola; “asko mugitu du, jende berria etorri da bizitzera”.

Eskolak etorkizuneko belaunaldia bildu arren, joera orokorrarekin bat eginez, Aginagako biztanleria ere zahartzen doa. 2018an ere heriotzek jaiotakoen kopurua hirukoiztu zuten. “Geroz eta heldu gehiago ditugu. Harrigarria da hain jende gutxi izateko zenbat heldu ditugun”, Arrutiren esanetan. Biztanleriaren %30ak, 144 aginagarrek 60 urtetik gora dituzte, 27 lagunek 80 urte baino gehiago, Arrutiren datuen arabera.

Etxebizitzak faltan
Bere azken neurketak biztanleria kopurua igo dela adierazi arren, beherakada nabaria izan da azken hamarkada hauetan. “Garai batean 800etik gora omen ginen”, etxe bakoitzean 5-10 seme-alabadun familiak bizi ziren garaietan. Belaunaldi hura hazi zenean, etxe nahikorik ez Aginagan eta gehienak kanpora joan ziren bizitzera.

“Hor egon zen etena. Etxe gehiago eraiki izan balira, Aginagan geratzeko aukera gehiago izango zituzten eta jendea hemen geratuko zen”, Maria Angelesen esanetan.

Orain, ia “ez dago etxerik hona bizitzera etortzeko”, Arrutiren esanetan. Udala Aginagako herriarekin etorkizunerako lantzen ari den plangintza giltzarria izan daiteke joera hau iraultzeko. Gauzatzen denean, “iruditzen zait biztanleria gehituko dela”.

Herri biziaren alde lanean
Bestela, beste hainbat auzo eta herri txikietako hustutze fenomeno bera eman daiteke bere ustez. Azken urteotan nabaria izan da, urte luzez Aginagako herri bizitzaren ikur izan diren zenbait komertzio edota tabernen itxiera. Eta baserriak badiren arren, hamarkadotan izan den bizimodu aldaketa; gutxi batzuk baino ez dira baserritik bizi direnak.

Momentuz halere, gaurkoz eskola bizia du Aginagak. Baita aginagarren bilgune diren Sekaña edota jubilatu elkartea, eta urte osoan herri bizia izateko lanean diharduten herri eragile ezberdinak.

Datu bilketa berria, 2020an
Sortzez Aiakoa, ia bost hamarkada daramatza Agina- gan bizitzen. Begi bistakoa da Maria Angeles Arrutik bizilekua duen Aginagaz duen ezagutza sakona. Hirugarren datu bilketa du honakoa. Bi urtero egiten hasi zen. Hurrengoa, “ondo naizela”, 2020an egin asmo du. Hurrengo azterlana findu nahi luke. “15-60 adin tartea bitan zatitu nahi nuke; 15- 40 eta 40-60 urte arteetan, gazteen eboluzioa ikusten joateko”, Arrutiren esanetan. Ordura arte, hemen dituzue 2018an bildu zituen datu nagusiak. 2016koak ere gogora ekarri nahi izan ditugu:

2018ko datu bilketa
Biztanleak: 471.
Hildakoak: 7.
Jaiotzak: 2.
Emakumezkoak: 220.n Gizonezkoak: 251.
Adinaren arabera: 16 urtetik beherako 73 biztanle; 16-60 urte arteko 254; 60-80 urte arteko 117; 80-100 urte arteko 27 (haietatik 9, 90 urtetik gorakoak).
Etxebizitzak guztira: 109.
23 baserri: 6 Intxaurretan; 12 mendian; 2 Sekaña gainean; goiko Kaxkoan 1; beheko Kaxkoan 2.
86 etxe: 4 Intxaurretan; 4 mendian; 10 Sekaña gainean; 23 goiko Kaxkoan; 45 beheko Kaxkoan.

2016ko datu bilketa
Biztanleak: 445.
Adinaren arabera: 0-15 urte arteko 65 biztanle; 16- 60 urte arteko 237; 61-80 urte arteko 110; 81-100 urte arteko 33.