#A10 hauteskundeak

Hauteskundeetarako mahaikideak hautatu eta zenbait ekonomia gaiei lotutako erabakiak hartu ditu udalbatzak

Noaua Aldizkaria 2019ko urr. 17a, 18:54

Azaroaren 10ean hauteslekuetan lan egitea egokituko zaien 72 herritarrak hautatu dituzte. Horrekin batera, 2020rako Ordenantza Fiskalak eta 2018ko Kontu Orokorra onartu eta Usurbilgo udal langileen lan-baldintzen akordioko puntu bat berritzea erabaki du udalbatzak.

Azaroaren 10erako deituak dauden Espainiako Gorteetarako hauteskundeetako mahaikideak hautatu berri dituzte zozketa bidez, Usurbilgo Udaleko udalbatzak ostegun arratsalde honetan egin berri duen ezohiko osoko bilkuran. Guztira 72 lagun hautatu dira, lehendakari, bokal eta ordezkoen artean. Azaroaren 10ean hauteslekuetan lan egitea egokitu zaizuenoi egunotan helduko zaizue jakinarazpena Udaltzaingoaren bidez. 

Hauteskundeez gain, ekonomia gaiak hartu dituzte ahotan gaurko osoko bilkuran. Batetik, datorren urterako Ordenantza Fiskalak hasieraz onartzea erabaki dute. 2020rako tarifak eguneratzeko irizpide nagusi gisa, Kontsumorako Prezioen Indizea (KPI) baliatu dute. Salbuespenak badira ordea, gizarte eta kirol zerbitzuetan esaterako. Bestalde, iazko Kontu Orokorra ere behin betiko onartu dute. 

Hiruhileroko ohiturari jarraiki, 2019ko aurrekontuaren exekuzio espedientea udalbatzari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari jakinarazi behar zaio. Udalbatzari dagokionez, gaurko osoko bilkura baliatu da horretarako. 

Azkenik, udal langileen lan-baldintzen akordioko puntuetako bat berritzea erabaki du udalbatzak. Seme-alabak jaiotzean, "ama biologikoa ez den gurasoen lizentzia" ri eragiten diona. Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiak egin bezala, Usurbilgo Udaleko langileen artean ere gurasotasun baimenak parekatzea ahalbidetuko duen puntua da gehiengo osoz udalbatzak aldatzea erabaki duena. 

UDALBATZAREN EZOHIKO OSOKO BILKURA
1.- 2019ko azaroaren 10ean ospatuko diren Hauteskunde Orokorretako mahaikideen zozketa.
2.- 2020rako Ordenantza Fiskalak hasieraz onartzea. 
Bozketa: gehiengo osoz onartuak. Alde: EHBildu. Abstenzioa: EAJ eta PSE.
3.- 2018ko Kontu Orokorra onartzea.
Bozketa: gehiengo osoz onartuak. Alde: EHBildu. Abstentzioa: EAJ eta PSE.
4.- 2019ko aurrekontu exekuzioaren berri ematea.
5.-  Usurbilgo Udaleko langileen lan-baldintzak arautzen dituen akordioko 41.1 puntuaren erredakzio berria.
Bozketa: gehiengo osoz onartua. Alde: EHBildu, PSE. Abstentzioa: EAJ.
6.- Galdera-eskaerak.