Altsasuko gazteen aldeko Iruñeako elkarretaratzera joateko autobus zerbitzuan izen emateko azken eguna

Noaua Aldizkaria 2019ko urr. 24a, 10:19

"Hau ez da justizia" aldarripean, Altsasuko gertaeren hirugarren urtemugan, "Duintasunaren Martxa" antolatu dute Altsasukoak Aske eta Altsasu Gurasoak-ek larunbaterako (urriak 26). Bizikleta martxa Iruñeako justizia auzitegi atarian amaituko da 17:00etan elkarretaratze batekin. Elkarretaratzera joateko autobus zerbitzua antolatu du Ernai Usurbilek. Ostegunera arte eman ahalko da izena bus zerbitzu honetan, Aitzaga, Txiriboga eta Txirrista tabernetako zerrendetan.

"Larunbat honetan "Duintasunaren martxa" izango dugu Altsasuko gazteen auzia salatzeko Iruñean arratsaldeko 17:00tan! Usurbildarrok bertaratzeko aukera izango dugu autobusez, ostegunerarte bertan izen emateko aukera egongo da! Ez dugulako absoluzioa ez den beste epairik onartuko!", bertaratzeko deia luzatu du Ernai Usurbilek sare sozialen bidez.

Urriaren 9an eman zuen ezagutzera Espainiako Auzitegi Gorenak Altsasuko gazteen aurkako epaia; aurrez, Espainiako Auzitegi Nazionalak agindutakoa berretsi zuen, espetxealdiarekin zigortu zituen. Biharamunean Ernai Usurbilek deituta, absoluzioa exijitzeko elkarretaratze jendetsua egin zen Mikel Laboa plazan. Albiste honetan beherago duzue mobilizazio hartan plazaratu zuten adierazpena.

Altsasuko gertaeren hirugarren urtemugan eta epai hau kaleratu berritan, "Sententzia desmontatuz, Altsasutik Iruñeara", duintasunaren aldeko bizikleta martxa antolatu dute Altsasukoak Aske eta Altsasuko Gurasoak plataformek larunbaterako (urriak 26). 

ALTSASUKO GAZTEEN ALDEKO DUINTASUNAREN BIZIKLETA MARTXA
9:30 Altsasuko Foruen plazatik abiatuko da.
Bidean zehar, 8 ekitaldi txiki egingo dira, Altsasuko gazte bakoitzaren aldeko ekitaldi bana. Sakana zeharkatu ostean Berriozarrera helduko da. Bazkaria eta ekitaldia.
16:00 Baiona etorbidean abiatuko da berriz bizikleta martxa.
16:30 Iruñeako Antoniutti pardean harrera.
17:00 Bizikleta marcaren amaiera Nafarroako Justizia Auzitegiaren parean egingo den elkarretaratzearekin.
 

GAZTEOK ALTSASUKOEKIN
Lehenik eta behin gazteok elkartasun osoa adierazi nahi diegu espetxean diren Altsasuko gazteei eta Altsasuko herriari, Jokin, Oihan, Adur, Iñaki, Aratz, Jon Ander, Julen eta Ainara, zuekin gaude! Eta horrekin batera, berriz ere diogu ez dugula onartzen, ez dugu onartzen gazte hauen aurkako ebazpenik, ez dugu onartzen Altsasuko herriak jasandako muntai politiko, judizial eta mediatiko hau eta ez dugu onartuko absoluzioa ez den beste ebazpenik!

Epaituak izan aurretik zigortuak izan dira, herri oso bat kriminalizatua, terrorismoarekin lotzeko saiakera eta manipulazioa, espainiar medioetako portadetan seinalatuak, epaiketaren prozeduran irregulartasunak, probokazioak eta irainak, mila egun baino gehiago bahituak, salbuespenezko auzitegiek eta indar armatuek etorkizuna lapurtua eta gaurkoan, berriz ere, galdera berdina: non dago justizia?

Atzoko egunean beraz, basakeria hau behin betirako bukatzeko aukera itxi du Estatuak, eta beste behin ere, behartuak ikusten gara egoera hau salatzera. Aurreikus zezakeen moduan, espainiar Estatuak eta bere aparatuek ebazpen honen bitartez azkeneko urte hauetako bidea konfirmatzen dute. Modu honetan, espainiar Estatuak gazteriaren aurkako kriminalizazio eta errepresioaren norabidean sakontzeko hautua egina du, eta azken orduko ebazpen honekin bere izaera antidemokratikoan berresteko asmoa baino ez duela erakutsi du, Altsasun ikusi dugu eta Katalunian ikusiko dugu hurrengo egunetan.

Espainiar Estatuak bizi duen krisiaren aurrean, konponezina egiten ari zaio bai Kataluniarekiko baita Euskal Herriarekiko ere, herri hauen eskakizunei eskaintza termino demokratikoetan ezaugarritzea; estrategia autoritarioa eta errepresiboa da Estatuko herrion eskakizun demokratiko eta askatasun grina zapaltzeko duen eskaintza bakarra, alegia, Espainiar proiektu politikoaren muinean daramana. Beraz, espainiar erregimenak agerian utzi du, beste behin, euskal gazteriaren aurkako ofentsiban tinko jarraitzen duela. Altsasuko gazteen aurkako sententziak, 78ko iruzurraren fruitu den erregimenaren oinarriak erakutsi dizkigu berriro ere.

Modu honetan, gaur goizeko agerraldian Altsasu Gurasoak eta Altsasukoak Aske Taldeak hurrengo asterako deitutako mobilizazioetara batzen gara, beraien artean, datorren urriaren 26an, larunbatarekin, “duintasunaren martxa”ra dei egiten dugu, goizean Altsasutik aterako dena eta arratsaldeko 17:00etan Iruñeko Justizia Jauregiaren aurreko plazan elkarretaratze batekin amaituko dena.

Besarkada bat gazte eta beraien senide eta lagunei. Denok gara Altsasu, denak etxera!
Altsasukoak askatu!