#A10 hauteskundeak

#A10 Mertxe Aizpurua (EHBildu): "Guri ematen ez zaigun bozka eskuinera joango da zuzen-zuzenean"

Noaua Aldizkaria 2019ko aza. 2a, 20:00

Abstentzioak eskuinari mesede egingo diola ohartarazita, azaroaren 10eko hauteskundeetan bozka ematera deitu du EHBilduren Madrilgo Diputatuen Kongresurako Gipuzkoako zerrendaburu Mertxe Aizpuruak, koalizioak larunbat iluntze honetan frontoian egin duen kanpaina hasierako ekitaldian.

"Erabaki baietz!" aldarria eta hautagaien irudia zeramatzan kartelak eskutan zituela, azaroaren 10eko Espainiako Gorteak berritzeko hauteskunde kanpaina hasierako ekitaldia ospatu du Usurbilgo EHBilduk larunbat iluntze honetan frontoian. 

Madrilgo Diputatuen Kongresurako koalizioaren zerrendaburu eta Usurbilgo alkate ohi Mertxe Aizpuruak parte hartu du hitzorduan. Azaroaren 10ean bozkatzera deitu ditu herritarrak. "Guri ematen ez zaigun bozka eskuinera joango da zuzen-zuzenean", ohartarazi die frontoian bildutakoei. 

Eta Aizpuruaren esanetan, "eskuinak badakigu zer dakarkigun Euskal Herriarentzat. Atzerapauso bat izango da, eta beraz halako luxurik ezin dugu onartu". 

"Denbora gutxian asko aurreratu dugu"
Apirileko hauteskundeen errepikapenaren aurrean egon arren, "gauzak asko aldatu dira sei hilabeteotan". Gaineratu duenez, "aurrera egin dugu". Batetik, EHBilduk ordezkaritza bikoiztu duela azpimarratu du, Diputatuen Kongresuan 2tik 4 ordezkari izatera eta Senatuan ordezkari bakarra izatetik bi izatera igaro da koalizioa azken hilabeteotan. "Gehiago izan ginen" baita zioenez, maiatzean ospaturiko udal, foru eta Europako hauteskundeetan. "Horrek esan nahi du denbora gutxian asko aurreratu dugula eta hori eskertzekoa da". Azaroaren 10ean, "marka hori berrestea eta handitzea tokatzen zaigu orain", adierazi du Usurbilgo alkate ohiak. 

Udaberrian Kataluniako ERC alderdiarekin hasi eta gerora herri ezberdinetako indar subiranistekin sustatu duten elkarlana ere nabarmendu du. Elkarlan horren isla izan da berriki eragile guztiok adostu duten Llotja de Marreko ituna. "Halako harrotasun puntu bat badugu eta horrekin guztiarekin goaz Madrilera oraingoan".