#A10 hauteskundeak

EAJ-PNV: “Talde indartsu bat behar da, negoziazio eta elkarrizketa bidez akordioak lortu ahal izateko”

“EAJren egiteko nagusia Madrilen euskal herritarren borondatea eta beharrak defendatzea da. Euskadi da gure helburua”, Maribel Vaquero Senaturako hautagaiak azaldu digunez. 

NOAUA! Espainiako Gorteetako ordezkariak aukeratu behar dira azaroaren 10eko hauteskundeetan. Zure alderdiak ordezkaririk lortzen badu, zeintzuk izango dira bultzatuko dituen egitasmo nagusiak? 

Maribel Vaquero, EAJ-PNV. Lehenik eta behin esan, EAJren egiteko nagusia Madrilen Euskadiren eta euskal herritarren borondatea eta beharrak defendatzea dela. Euskadi da gure helburua.

Gure egiteko nagusiak, Madrilen, hauteskunde programan diogun bezala, 10 puntuetan laburtu ditugu: gure autogobernua eta Ekonomia Ituna defendatzea, olatu zentratzaileari aurre eginez, eta Euskadiren naziotasunaren aitortza eta subiranotasun partekatua gauzatuz; Askatasunak eta Giza Eskubideak defendatu, Sekretu Ofizialen legea, “Mozal” legea eta asilo eta babes politika aldatu; gizarte politika bultzatu, gizarte kohesioa bermatu, desberdintasun egoerak ekiditeko, Euskadin egiten dugun bezala; Gizarte Segurantzaren araubide ekonomikoaren kudeaketa arloko eskumenak Euskadira eskualdatzea eskatuko dugu berriro. Besteak beste, Pentsioetan, 2018 eta 2019rako EAJk lortutako igoera orokorraren ildotik, bizisariak KPIaren arabera izateko lan egingo dugu;  emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna bultzatuko dugu emakumeek jasaten dugun indarkeria matxistaren kontrako neurriekin. Emakumeen eta gizonen arteko soldata desoreka desagerrarazteko lan egingo dugu ere; klimaren aldaketaren erronkari helduko diogu, energiaren iraunkortasuna bultzatuz, besteak beste, ekonomia zirkularra bultzatzea, energia berriztagarrien sustatzea, oraingo energia zergen erreforma osoa bultzatzea eta zerga sistema berdea bultzatzea eta garraio publiko iraunkorra izango dira gure jarduera ildoetako batzuk; euskal azpiegituren inguruan hitz-eman diren akordioak betetzea exijituko dugu, hala nola, AHT eta aireportuak; industriaren eta berrikuntzaren aldeko apustu irmoa egiten jarraituko dugu, ekonomiaren oinarri baitira;  ekonomiaren eta aurrekontuaren egonkortasuna ahalbidetzeko lana egingo dugu, hazkunde ekonomiko eta sozial iraunkorra bermatu ahal izateko; eta azkenik, guzti horretarako, talde indartsu bat behar da, negoziazio eta elkarrizketa bidez Euskadirentzako mesedegarriak diren akordioak lortu ahal izateko.

 

“Euskaldunen eskubideak defendatu behar ditugu Madrilen”

NOAUA! Politikariak akordioetara iristeko gai ez direlako, jende asko haserre dago. Botoa emateko zalantzan dagoenari, zer esango zenioke?

Maribel Vaquero, EAJ-PNV. Ulertzekoa da herritarren haserrea. PSOEk Estatuan botoetan jasotako konfiantzari huts egin dio, gobernu progresista hori martxan jartzeko nahiko boto izan baitzuen eta uko egin dio ardura politikoari. Guk ez dugu politika modu intermitentean eta interes partidista eta pertsonalen arabera ulertzen. Konfiantza eskatu eta lortu egiten duenak, herritarrekiko ardura hartzen du eta gauzatu behar du. Haserre hori guztia erantzun aktibo bihurtu behar dugu. Boto aktiboa, konpromisoa hartzen duen alderdiari emanez. EAJ, konpromisoa hartzen duen alderdi politikoa da. Beti egin dugu eta etorkizunean ere egingo dugu. Garai latzak datoz eta erronka handiak ditugu aurrean. Gure herriaren eta euskaldunen eskubideak defendatu behar ditugu Madrilen.

 

Oharra: Aurreko hauteskunde deialdietako irizpideari jarraiki, Usurbilgo Udalean ordezkaritza duten hiru alderdietako (EH Bildu, EAJ-PNV, PSE-EE) hautagaiak elkarrizketatu ditugu.