#A10 hauteskundeak

EH Bildu: “Hauteskunde hauetan autoritarismoaren eta demokraziaren arteko partida jokatzen da”

Noaua Aldizkaria 2019ko aza. 7a, 11:30

Mertxe Aizpurua EH Bildu koalizioko hautagaiarentzat garrantzia handia dute igande honetako hauteskundeek. “Nagitasunak jota dagoenari eta abstentziora jotzeko asmoa duenari hauxe bakarrik esango nioke: zuk ematen ez duzun bozka, zuzenean eskuina indartzera doa”. 

NOAUA! Espainiako Gorteetako ordezkariak aukeratu behar dira azaroaren 10eko hauteskundeetan. Zure alderdiak ordezkaririk lortzen badu, zeintzuk izango dira bultzatuko dituen egitasmo nagusiak?   

Mertxe Aizpurua, EH Bildu. Sei hilabeteko tartean, berriro, hauteskundeetara zerk eraman gaituen azaltzeko, Pedro eta Pabloren, Pablo eta Pedroren istorioa kontatu dezakegu. Ados jarri ez ziren Madrilgo bi gizonen istorioa, eta euskal herritarrak azaroaren 10ean berriz ere botoa ematera behartu gaituztenena.

Argi utzi zuen Pedro Sanchezek hauteskundeak deitu zituenean: indar subiranistek baldintzaturiko gobernurik ez zuen nahi. Ez du nahi, Espainiako Estatuak bizi duen egiturazko krisia konpontzeko dituen soluzioak kontraerreforma antidemokratikoarenak direlako. Eta jakina, ekuazio horretan ez gara sartzen independentistak. Estatuko botereen nahia eta borondatea kontraerreforman sakontzea da, eta horretarako alderdi handien arteko Estatu itunak beharrezkoak dira.

Sanchezek eta Estatuko botereek iraganerako bidaia batean sartu nahi gaituzte, gizarte eta herri hobeak eraiki ahal izateko Kataluniak eta Euskal Herriak autodeterminazio eskubide demokratikoa praktikan jartzerik ez dute nahi. Horren guztiaren aurrean, Herrialde Katalanetako, Euskal Herriko eta Galizako subiranisten elkarlana dago, oinarrizko balio demokratikoen defen–tsarako indar metaketa dago. Hauteskunde hauetan autoritarismoaren eta demokraziaren arteko partida jokatzen delako.

Euskal gizarteak, konbikzio demokratiko indartsua duten euskal herritarrek argi izan behar dute gauza bat: subiranisten elkarlanak eta indar metaketak bakarrik ekidin dezake Sanchez eskuinaren besoetara erortzea, kontraerreforma autoritarioan sakontzeko. Subiranistek baldintzatutako gobernu batek bakarrik egingo du ezinezko eskuinaren eta Estatuko botereen nahiak eta desioak gauzatzea.

EH Bilduk demokrazian eta gure herrien autodeterminazio eskubidean oinarritutako adierazpena izenpetu genuen Herrialde Katalanetako, Galizako eta Euskal Herriko subiranistek. Subiranistok izenpetu genuen gutxieneko programa horrek  autodeterminazio eskubidearen defentsa, preso politikoen askatasuna aldarrikatzea eta politika sozial aurrerakoiak bultzatzea zehazten du eta hori izango da Madrilen egingo dugun jardunaren ardatza.

Euskal Herria Bildun argi dugu autodeterminazio eskubidea dela gure herriak demokratizatzeko tresna eraginkorrena, are eta gehiago kontuan har–tzen badugu Espainiako Estatuak inboluzioan sakontzeko bidea hartu duela.

Hona hemen Madrilera joateko arrazoia, besteak beste, era guztietako injustizietan oinarritzen den Estatuari aurre egiteko. Altsasuko gazteekin egin dutena salatzeko eta euskal preso eta errefuxiatuak etxera ekartzeko.

Baita ere Madrilera goaz astelehenero biltzen diren pen–tsiodunekin bat egiteko, miseriazko soldatekin bizi direnei begiratzen diegulako, gure gazteen etorkizuna bermatuko duen herri bat nahi dugulako eta emakumeon eskubideak errespetatzen dituen herri aurrerakoi eta honestoa nahi dugulako. Herri libre bat nahi dugulako, euskaldun bezala irauteko munduaren aurrean, eta guztiok baldintza duinetan bizi ahal izango garen herri baten alde ekingo dugulako.

 

“Hitza betetzen dugulako, balio ziurra gara”

NOAUA! Politikariak akordioetara iristeko gai ez direlako, jende asko haserre dago. Botoa emateko zalantzan dagoenari, zer esango zenioke?

Mertxe Aizpurua, EH Bildu. Horregatik guztiagatik da beharrezkoa EH Bilduren aldeko bozka. Herri honek aurrera egin dezan gero eta gehiago izan behar garelako.

Eta zalantzak edo nagitasunak jota dagoenari eta abstentziora jotzeko asmoa duenari hauxe bakarrik esango nioke: zuk ematen ez duzun bozka, zuzenean eskuina indartzera doa. Bi aldiz pentsatzeko eskatuko nioke, azken arrazoi bat ere badudalako: EH Bilduk defendatzen duena, beste inork ez duelako defendatuko.

Gainera, hitza betetzen dugulako, balio ziurra gara. Hona hemen azken arrazoia eragin handia izan dezakeen esfortzu txikia igande honetan egiteko.

 

Oharra: Aurreko hauteskunde deialdietako irizpideari jarraiki, Usurbilgo Udalean ordezkaritza duten hiru alderdietako (EH Bildu, EAJ-PNV, PSE-EE) hautagaiak elkarrizketatu ditugu.