"Xua Gurasoekin Etxera" herri plataformak abian duen sinadurak biltzeko mahaia jarriko du larunbat honetako Mundualdia jaialdian zehar. Sinadura eman nahi baduzue, helbide honetan sartuta ere babestu dezakezue "Xua Gurasoekin Etxera" manifestua: https://www.change.org/p/eskubideak-orain-xua-gurasoekin-etxera
Gogoan izan, urriaren 31ko osoko bilkuran herri ekimenaren mozioa onartu zuela udalbatzak aho batez.
Bereizketaren aurka, etxeratzearen alde
Gogoan izan, Olatz Lasagabaster, Patxi Uranga eta haien haur Xua Valentziako Picassenteko espetxean urrunduak dituzte, Usurbildik 600 kilometrora. Xuak urtarrilean 3 urte betetzean espetxetik irten beharko du, eta honenbestez, gurasoengandik bereiziko dute. Olatzek eta Patxik espetxealdiaren hiru laurdenak bete dituztela jakinik, Espainiako legedia kontuan izanda, kalean behar zuten jada. Eta horren alde ari da lanean, hiruren Usurbil, Orio eta Zarauzko lagunek osatu duten "Xua Gurasoekin Etxera" plataforma. Hirurak aske etxera etor daitezen lanean.
"Xua Gurasoekin Etxera" herri ekimenak aurkeztutako mozioa
Usurbilgo Udalbatzarrak Olatz Lasagabaster eta Patxi Urangaren eta batez ere urtarrilean hiru urte egitean gurasoengandik bananduko duten euren alaba Xuaren egoera kontuan hartuta, ondorengo mozioa babesten du:
Dagokien autoritateei eskatzea behar dituzten neurriak har ditzatela, legedia kontuan hartuz ahal bezainbeste bermatzeko adin txikikoa eta bere gurasoen arteko harremana, zaintza eta gertutasuna; familiaren batasuna eurek sustraituta dauden ingurune sozialean lagunduz eta adin txikikoaren interes gorena babestuz.
Usurbilen, 2019ko urriaren 31
MANIFESTUA
Xua Gurasoekin Etxera!
Xua Lasagabaster Uranga Picassenteko espetxean (Valentzia) jaio zen, 2017ko urtarrilaren 19an. Bere amarekin bizi da eta noizbehinka elkartzeko aukera izaten du espetxe berean preso dagoen bere aita Patxirekin. Hilabete gutxi barru, hiru urte beteko ditu. Espainiako legeak hala aginduta, bere gurasoengandik bereiziko dute eta ezin izango ditu ikusi bisitetan ez bada.
Eten oso mingarria izango da, jakina. Are gehiago, urruntasunak (Usurbil- Oriotik 600 km.-ra dago Picassent) elkar ikusteko aukerak murriztuko dizkielako. Dena den, ez lukete zertan banaketaren sufrimendu gehigarria jasan behar. Izan ere, Olatzek eta Patxik 10 urte bete dituzte preso ekainean. Beren 12 urteko zigorraren 3/4ak baino gehiago. Horrenbestez, Espainiako legeria arrunta aplikatuz, biek ala biek baldintzapeko askatasuna lortzeko eskubidea dute. Horixe da, hain justu, agintariei eskatzen dieguna. Salbuespenezko legeak alboratu eta legez eta gizalegez joka dezatela. Ekidin daitekeen sufrimendurik ez diezaietela eragin hirurak bananduta, eta Xuarekin batera Patxi eta Olatz gurasoak ere etxera ekar ditzatela.
Manifestua helbide honetan sartuta sinatu dezakezue: Xua Gurasoekin Etxera!