2020ko aurrekontuen aurkezpen bira abiatu du Udalak, Kalezar eta Zubietaren txanda gaur

Noaua Aldizkaria 2019ko aza. 13a, 09:13

Bart abiatu du Potxoenean udal gobernu taldeak, 2020ko aurrekontuak aurkezteko auzoz auzo egitekoa den bilera erronda. Kalezarren eta Zubietan hitzordu bana iragarri dituzte asteazken honetarako (azaroak 14).

Auzo nahiz herri guztiotan aurkezpen saio bana iragarri du udal gobernu taldeak. Atzo hasi zuten bira Kaxkoko bilera irekiarekin Potxoenean. Asteazken honetan (azaroak 14) 19:00etan Zubietako Kaxkapen eta Kalezarreko Haur Eskolan bilera bana iragarri dituzte. Ez soilik urte berriko aurrekontuaren zirriborroa aurkeztu, baita herritarren iritzi nahiz proposamenak biltzeko ere. "Parte hartu eta egin zure ekarpena!", luzatu du gonbita udal gobernu taldeak.

Aurreko urteen ildotik, lehenbizi herritar nahiz eragileei aurkeztu eta haien guztien ekarpenez hornitu nahi ditu udal gobernu taldeak landuak dituen 2020ko aurrekontuak. Eragile nahiz herritarren ekarpen guztiok batuta, aldaketarik ez bada, hilaren 22an Ogasun Batzordeak diktaminatu, eta abenduan ez, aurten azaroaren 28an egokituko litzatekeen osoko bilkuran hasieraz onartzea bozkatuko du udalbatzak. Gero alegazioetarako 15 eguneko tartea zabalduko da, behin betiko onartu aurretik.

Atzo iluntzean hasi zuen bilera erronda Udalak Potxoenean egin zuten Kaxkoko bilera irekiarekin. Landu dituzten aurrekontuaren arabera, Usurbilek 12,3 milioi euro izango ditu 2020ko egitasmo ezberdinak bideratu eta herri honek dituen erronkei heltzeko.

2020ko UDAL AURREKONTUAK AURKEZTEKO BILERA SORTA
Azaroak 13, asteazkena
19:00 Kalezarreko aurkezpena Haur Eskolan.
19:00 Zubietako aurkezpena Kaxkapen.

Azaroak 19, asteartea
19:00 Txokoaldeko aurkezpena Erroizpe elkartean.
19:00 Santueneko aurkezpena auzo elkartearen egoitzan.

Azaroak 20, asteazkena
19:00 Aginagako aurkezpena ludotekan.
19:00 Munalurrako aurkezpena Eguzki elkartean.

Deitzailea: Usurbilgo Udala.