EAJ-PNVk hiru proposamen aurkeztu ditu, udal aurrekontu berrietan jasoak izan daitezen

Noaua Aldizkaria 2019ko aza. 13a, 10:58

Datorren urteko udal aurrekontuak lantzen hasi da udal gobernu taldea. Usurbilgo EAJ-PNVk hiru proposamen aurkeztu ditu: Kaxkotik Zubietarako bidegorria Ugaldea atzetik egitea, Etxealdia auzoko irisgarritasuna bermatzea eta Bizikidetza eta Memoria arloa garatzea. Ekimen hauek abian jartzeko, alderdi jeltzaleak 125.000 euro aurreikusi ditu.

EAJ-PNVko udal taldeak hiru proposamen erregistratu ditu, "Ogasun Batzordean aztertu eta 2020. urteko aurrekontuetan kontuan hartzeko". Josune Urkolaren esanetan, “hain trafiko ugaria duen N-634 errepidearen ondoan oinezko eta txirrindularientzako bidea eraiki ordez, Ugaldea Industrialdearen atzetik trazadura seguru eta onuragarri bat bideratzea proposatzen du Usurbilgo EAJ udal taldeak. Trazadura honek Ugaldea industrialdearekiko sarbidea kontuan izateaz gain, herri sarreran aurreikusitako biribilgunearekin lotura konpondu beharko du mendebaldeko muturretik eta Lasarte Txikierdi bizikleta eta oinezko bidearen proiektuarekin lotura kontuan izan beharko du”. Egitasmo hau burutzeko "60.000 euroko partida bat jasotzea proposatzen dugu"; beharrezko dokumentuen idazketa zein kudeaketaren kostuari aurre egiteko. "Pasa den legealdian Udalak eskatutako Lasarte-Urbil-Troia-Usurbil bidegorria N-634 errepidearen paraleloan egitea baino egokiagoa dela iruditzen zaigu”.

 

Etxealdiako irisgarritasuna hobetzeko neurriak

Etxealdia auzoa kaxkotik gertu dagoen eremu bat izanik ere, gaur egun N-634 eta Kale Nagusiaren artean geratu da uharte baten gisa. Kokagunea maldatsua da "eta oinezkoentzako ibilbideen eskaintza bakarrak eskailerak edo San Esteban eta Bizkarre kaleko aldapak izanik, irisgarritasun arazo handia dago auzoan. Bestalde, Etxealdia eta Bizkarre artean, egun Kale Nagusia den eremuaren garapen faltak Etxealdia auzoaren antolamenduaren hobekuntza eta irisgarritasuna galarazten ditu". Horregatik, Usurbilgo EAJren esanetan, "ezinbestekoa deritzogu Etxealdia eta Bizkarre arteko eremuaren garapena bultzatzea, eremu guztiaren berrantolaketa lortzeko". Era honetan, Etxealdia auzoko irisgarritasuna hobetuko litzateke "eta kaxkoarekiko isolamendu arazoari aurre egingo litzaioke". Guzti hau aztertzeko, 2020ko aurrekontuetan 50.000 euroko partida bat jasotzea eskatu du Usurbilgo EAJ-PNVk.

 

Bizikidetzaren aldeko ekimenak

Bizikidetza eta Memoria sustatzeko eskaera ez da berria. 2020ko udal aurrekontuei begira, alderdi jeltzaleak proposamen zehatz bat egin du. Kultura Politiko Demokratikoa, Bizikidetza eta Giza Eskubideen arloan ekimenak garatzeko, EAJk 15.000 euro bideratzea proposatu du Ogasun Batzordean. “Helburua da bakea betiko eta modu atzeraezinean finkatzea, bizikidetzara bideratzen laguntzea eta Usurbilgo kultura demokratikoan sakontzea, herritarren artean giza eskubideen ezagutza sustatuz". Josune Urkolaren esanetan, "horretarako udal ordezkari zein herri mailako lan prozesuak bultzatu behar dira, iraganean gertatutakoaren inguruan hausnarketa egin eta etorkizuneko kultura demokratikoan sakonduz gure herriko bizikidetzan eragiteko”.

 

Esker ona

Azaroaren 10eko hauteskundeetan bozka Eusko Alderdi Jeltzaleari eman dieten usurbildar guztiei bere esker ona adierazi nahi die Usurbilgo EAJk. “Auzoz auzo, herriz herri eta lurraldez lurralde, milaka eta milaka euskaldunek gugan jarritako konfiantzari esker indarberrituta atera gara EAJ-PNVk Euskadiren alde lanean jarraitzeko”.