Usurbili buruzko "Herri Txiki, Infernu Handi" abenduaren 8an eskainiko du Euskal Telebistak

Noaua Aldizkaria 2019ko aza. 15a, 14:39
Bart ETB-ren saioko lan taldeak Oiardo Kiroldegian egin duen grabazio saioa.

Euskal Telebistako lan taldeak bart egin zuen azken grabaketa saioa Oiardo Kiroldegian. Usurbil eta usurbildarren istorioak izango ditu protagonista ETB-ren saioak.

Azken urteotan, arrakasta handiz, Euskal Herriko ehunetik gora udalerrik jauzi egin dute etxe guztietako telebista pantailetara. Iaz Aginagari egokitu zitzaion; urtebeteren buruan Usurbili. Usurbil eta usurbildarrak pantaila  handian ikusiko ditugu laster.

Asteotan, Euskal Telebistako "Herri Txiki, Infernu Handi" saioko lan taldea izan dugu gure artean. Herriko irudi eta herritarren ahotsak biltzen aritu dira Zuhaitz Gurrutxaga eta Mikel Pagadi aurkezleak, lankideekin batera. Azken grabaketa saioa, bart egin zuten, Oiardo Kiroldegian.

Ia 300 lagunen aurrean
Gogoan izango duzue, azaroaren 6an zabaldu zuten azken hitzordu honetarako gonbidapenak eskuratzeko epea. Ia 300 lagunentzako sarrerak segituan agortu ziren. Ikusmina bazen, eta bart Oiardo Kiroldegian egin zuten emanaldian nabari zen. Umore eta giro ezin ederragoan grabatu zituen "Herri Txiki" saioko lan taldeak, Usurbilgo azken irudiak. 

Atzokoan, Mikel Pagadi eta Zuhaitz Gurrutxagaren bakarrizketak eta Sebastian Lizasoren bertso saioa grabatu zituzten, baita laster ikusi ahalko den emanaldi berezi bat ere. Eta horrekin batera, herrian grabatu zituzten irudi eta ahotsak ikusi ahal izan zituzten Kiroldegiko erabilera anitzeko pistara hurbildu ziren ia 300 lagunek. 

Giro ezin ederragoan, eta umore are bikainagoan joan zen saioa. Bertaratzerik izan ez bazenuten, ondo apuntatu zuen agendetan; Usurbili buruzko "Herri Txiki, Infernu Handi" saioa, abenduaren 8an, igandez, gaueko 22:00etan ETB 1-en!