Ucinek tratatu gabeko keak isurtzen segitzen duela salatu du Anerreka Ingurumen Elkarteak

Noaua Aldizkaria 2019ko aza. 16a, 11:56

Larunbat goiz honetan bertan Ucin kea isuriz agertzen den bideoa helarazi du Anerreka Ingurumen Elkarteak NOAUA!ra. 

Anerreka Ingurumen Elkarteak larunbat goiz honetan bertan iruditan bildutako unea salatu du, NOAUA!ra bidali duten albiste honi atxikitako bideo bidez. "Gaur, larunbata goizean, beste egun guztiak bezala, Ucinetik zuzenean ateratzen diren keak ikusi ahal izan ditugula salatu nahi dugu", adierazi du Anerreka Ingurumen Elkarteak.

Keon izaera nabarmendu nahi izan dute, urte luzez konpontzeke segitzen duen arazoa gogora ekartzearekin batera. "Tratatu gabeko keak dira, eta eragin zuzena dute Usurbilgo aire kalitatean, besteak beste PM 2.5 etan. Gaurkoan ikastolako norabidea dute, baina edozein izan daiteke kaltetutako kokapena", zehaztu du, herriko ur, aire eta lurraren kalitatearen alde lanean diharduen aipatu bilguneak.

Egoera honen aurrean, "berriz ere egoera honekin bukatzeko hartu beharreko neurriak ezartzeko eskatzen dugu, eta ingurumena eta usurbildarron osasuna babestea".

Berriki Potxoenean deitu zuten bileraren aurretik gai hau Kaipatzen zuen idatzia helarazi zuen Anerrekak NOAUA!ra:

Udarregi Ikastolako aire kalitatea kezkagarria
Urriaren 16an aurkeztu zuen Usurbilgo Udalak UPC Kataluniako Unibertsitate Politeknikoari eskatutako aire kalitatearen azterketa. Bertan aipatu zen Usurbilen hiru erakunde ari direla airearen kalitatea neurtzen. Horien artean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskariz Biodonostia egiten ari den azterketa epidemiologikoaren barruan, airearen kalitatea ere ari dira neurtzen Udarregi ikastolan bertan, bere teilatuan kokatutako neurgailuarekin.

Biodonostiako txostenean jasotzen da ikastolan arnasten den aire kalitateak gainditu egiten dituela Munduko Osasun Erakundeak (MOE-OMS) gomendatzen duen urteroko batez besteko kutsadura-mugak. Zehazki, 2017ko irailetik 2019ko martxora arte PM2,5 kutsatzaileak gainditu egin du Munduko Osasun Erakundeak ezarritako batezbesteko 10 μg/m3 muga. Ikusita 2019ko otsailaren 20, 21 eta 22an neurtutako baloreak 25 eta 32 μg/m3 izan zirela, datu are kezkagarriagoak dira.

Hemen Biodonostiako txostena: https://www.gipuzkoa.eus/es/web/ingurumena/residuos-urbanos/infraestructuras

PMak airean suspentsioan dauden partikulak dira eta jatorri asko izan ditzakete, baina industria eta trafikoa dira nagusietakoak. Bereziki arriskutsuak dira alde batetik, hain txikiak izanda odolera iritsi daitezkeelako; bestetik, pisu txikiagoa edukita luzaroan iraun dezaketelako airean esekita; eta hirugarrenik, konposatu toxikoagoak izaten direlako. PMak arnas-aparatuko gaixotasunen, gaitz kardiobaskularren eta biriketako minbizien eragileak dira.

Biztanle-multzo sentikorrenek –haurrak, adinekoak eta arnas eta bihotzeko gaixotasunak dituzten pertsonak– kutsatzaile horren eragin negatiboak jasateko arrisku handiagoa dute, asma eta alergien handitzea eragin eta arnas aparatua kaltetzen dute.

Arazoari aurre egin beharrean, “lege barrenean” gaudela edo eta beste herri batzuk baino hobeto gaudela entzun izan dugu maiz. Mezu lasaigarriek errealitate latza ezkutatzeko funtzioa baino ez dute.

Horren guztiaren aurrean Anerreka Elkartetik uste dugu egoera larria dela eta denon artean hobetzeko ahaleginak egin behar direla lehenbailehen. Neurketa hauek, egoeraren berri emateaz gain, kutsadura zantzuak daudela esaten digute, eta hori ekiditeko erabakiak hartzeko garaia dela erakutsi ere bai.

Honen harira, aspalditik eta askotan salatu dugu PM2,5 kutsatzailearen jatorri horietako bat UCIN enpresatik ateratzen diren kontrol gabeko keak direla. Astero salatzen ari gara itxi gabeko teilatutik, inongo tratamendu eta kontrolik gabe, ateratzen diren fundizio keak. Nahiz eta 2018an udalak emandako obra baimenean ezarri isurketa gune hori itxi behar zela, gaur egun aginduaren kontra, itxi gabe jarraitzen du. Anerreka Elkarteak behin eta berriz salatzen du egoera hau, egunero ematen dena.

Egoera hau konpontzeko denon arteko kolaborazioa ezinbestekoa da, enpresa barne, baina orain arte ez du horretarako borondaterik erakutsi, udalak ezarritakoari jaramonik egin gabe jarraitzen baitu. Urriaren 16ko bileran udalak adierazi zuen UCINi eskaera luzatuta daukala, bere ke isuriak neurtu eta UPC Kataluniako Unibertsitate Politeknikoa egiten ari den estudioa osatzeko; ikusi beharko da zein jarrera hartzen duen enpresak eta kolaboratzeko prest dagoen edo ez.