Abisu horia haizeagatik gauerditik ostiral arratsaldeko 18:00etara

Noaua Aldizkaria 2019ko aza. 21a, 08:00

100 kilometro ordutik gorako haize boladak izan ditzakegu, "bereziki Gipuzkoako mendi inguruetan".

Haizeagatik abisu horian izango gara ostegun gauerditik ostiral arratsaldeko 18:00ak arte. Ostegun honetan (azaroak 21) Usurbilen, "zerua tarteka hodeitsu egongo da, erdi mailako hodeiak eta goi-hodeiak nagusi. Hego-mendebaldeko haize bizia ibiliko da. Tenperatura gutxi igoko da". Bihar (hilak 22), "giroa goibela izango da eta noizbehinka euria egingo du; gauean atertzera egingo du eta ostarte batzuk zabalduko dira. Hego-haizea, indartsu, bolada oso gogor batzuekin. Egunaren amaieran mendebaldera aldatuko da haizea. Tenperatura minimoak gutxi igoko dira, maximoetan aldaketarik ez".

EGUNOTARAKO IRAGARPENA
Azaroak 21, osteguna
"Ildo beretik jarraituko du. Zeruan hodeiak eta urdinguneak tartekatuko dira; zenbait momentutan hodeiak gailenduko dira, bereziki barnealdean, eta han-hemenka tantaren bat bota dezake, baina leku gehienetan ateri eutsiko dio eta kostaldetik gertu ostarte ederrak zabalduko dira. Hego ukituko haizearen eraginpean jarraituko dugunez, tenperaturan balio altuenak ipar partean neurtuko dira, bertan 15-16 ºC-ra igoko da. Barnealdean giro hotzagoa izango dugu eta 10-12 ºC-ren bueltan errendituko da tenperatura".

Azaroak 22, ostirala
"Ostiralean hego haizea izango da protagonista. Atlantikotik depresio sakon bat gerturatuko da eta hego haizea asko zakartuko da, bereziki goizetik aurrera. Gainera depresio horri loturiko fronte bat gerturatuko da eta hodeiak eta euri kontuak itzuliko dira. Hego haize zakarraren eraginez, hodeiak trinkoagoak izango dira barnealdean eta bertan euri gehiago egingo du; kantauri isurialdean berriz, frontearen eragina ez da horrenbeste igarriko eta aterrune luzeak izango ditugu. Tenperatura apur bat jaitsiko da, bereziki hegoaldean".

Azaroak 23, larunbata
"Larunbata giro ezatseginarekin dator, haize zakarrarekin eta zaparradekin. Goizaldean haizeak mendebal/ipar-mendebaldera egingo du eta gogor joko du, batez ere kostaldean, haize-bolada indartsuenak itsasertzean emango dira. Haize aldaketarekin bat euria kantauri isurialdean ugarituko da eta egun osoan zehar itsasotik lainotzarrak sartu eta zaparradak botako ditu. Ipar partean zaparradak trumoitsuak izan daitezke eta baliteke txingorra egitea. Tenperaturak behera egingo du".

Informazio eguneratua hemen: euskalmet.eus