Zentsuratu dieten Iruñeko emanalditik Usurbilgora etorriko dira Pirritx, Porrotx eta Marimotots

Noaua Aldizkaria 2019ko aza. 21a, 10:40

Iruñeko Udalak zentsuratu dieten emanaldiaren ondotik etorriko dira Pirritx, Porrotx eta Marimotots "Bizi dantza" ikuskizun berrienarekin Usurbila. Aurten NOAUA! K.E.-ren eskutik helduko dira Oiardo Kiroldegira eta Orbeldikoekin! Abenduaren 1ean 11:30etan. Euskararen Egunaren bueltan antolatu diren ekimenetako bat izango da. Sarrerak salgai dituzue.

"Egunotan zuen babesa eta elkartasuna adierazi diguzuen guztioi eskerrik asko zuen kariñoagatik, guk ere maite zaituztegu! Zaila da baina... ez gaindiezina! Zentsura putzura! Gora Euskal Irria! Gora koloreak! Musubesarkadak den-denoi. LASTER ARTE!", mezu honekin eskertu nahi izan dute Pirritxek, Porrotxek eta Marimototsek azken egunotan jasotako maitasun eta elkartasun guztia.

Jakingo duzuenez, hilaren 28an Iruñeko Baluarten emanaldia antolatua zuten, baina Nafarroako hiriburuko Udalak saioa zentsuratu die, bertan behera utzi diete aipatu hitzordua. Sare sozialen bidez zabaldu eta albiste honi atxikia duzuen bideoan hirukoteak galdetzen zuenez, "ezingo dugu Iruñeako familia eta haurrekin elkartu eta haiekin jolastu, dantzatu eta irri egin?".  Argi zioten, "hori boikota da!". 

Baina ez dute etsi. "Arazoa handia da baina ez gaindiezina, zentsura putzura!", diote. Haurrak Iruñeko alkate Enrique Mayari opari bat egitera, marrazki koloretsuak helaraztera animatu dituzte. Mayaren alderdiak ez da taldearen aurka egin duen lehen aldia. Egoera honen aurreran pailazoek iragarri dutenez, "Iruñean izango gara aurten, udalarekin edo udala gabe, baina haurrei esker". 

Orbeldi Dantza Taldekoekin
Eta Iruñetik bueltan Usurbila datoz Pirritx, Porrotx eta Marimotots! NOAUA! Kultur Elkartearen eskutik abenduaren 1ean, 11:30etan Oiardo Kiroldegira. Iruñean bezala, "Bizi dantza" ikuskizun berria plazaratzera. Euskal Herrian barrena egiten ari diren biran zehar, tokian tokiko dantza taldeak gonbidatzen ari dira oholtza gainera. Orbeldi Dantza Taldeko kideek parte hartuko dute Usurbilgo saioan! 

PIRRITX, PORROTX ETA MARIMOTOTS USURBILEN
Eguna: abenduak 1, igandea.
Ordua: 11:30.
Tokia: Oiardo Kiroldegia.
Oharra: Kiroldegiko ateak 10:45 aldera irekiko ditugu. Azken sarrerak, 10:30etatik aurrera Kiroldegian bertan 8 eurotan salgai.
Sarrerak: aurrez salgai NOAUA! K.E.-ren egoitzan, Bordatxon eta Lizardin 7 eurotan (12 hilabetera arteko haurtxoentzat gonbidapenak eskuratu beharko dira NOAUA!n edo Lizardin).
Aurrerapena: “Lurra sortu zen unetik bertatik, jirabiraka dantzari hasi zen bere buruaren eta eguzkiaren inguruan. Animaliak ere sortu ziren unetik bertatik, dantzari dabiltza lurraren inguruan. Geu ere hitzaren jabe izan aurretik dantzatzen gara, zaldiak, izurdeak eta tximeletak bezala. Pozak eta tristurak azaltzeko dantzatzen gara. Barruak agintzen digunean dantzatzen gara. Gure kultura ospatu eta errituak berritzeko. Garen hori mugimenduan jartzeko. Zangoak luzatuz, gerria mugituz, hegoak astinduz eta ur azpian ere dantzatzen gara gu. Zatoz gurekin dantzara, atera zure barruko animalia plazara!“
Antolatzailea: NOAUA! K.E.