Izen ematea irekia duten entitateetara zabalduko da 2020ko Euskaraldia

Noaua Aldizkaria 2019ko aza. 21a, 11:16

Euskaraz "gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan" egingo den Euskaraldiaren bigarren edizioa aurkeztu dute bart Donostian. Oraingoan, Ahobizi eta Belarriprestekin batera, "ariguneen" bidez entitateek ere bat egin ahalko dute 2020ko edizioarekin.

Belarriprest eta Ahobizi figurek ordezkaturiko norbanakoek soilik ez, taldeen hizkuntza ohituretan eragin nahi du 2020ko Euskaraldiak. "Horretarako, Euskaraldian garrantzia berezia hartuko duen kontzeptu berri bat sortu da: arigunea. Euskaraz aritzeko babesgune modura osatutako ariguneak izango dira ariketa sozialean taldean jarduteko aukera emango duten espazioak", Euskaraldiaren sustatzaileen esanetan.

Entitateek (lantokiek, enpresek, erakunde publikoek, herri eragileek...) jada zabalik dute 2020ko Euskaraldian izen emateko epea. 

15 egun
Berrikuntzak dakartza bigarren edizioak. Iraupen aldetik 11 egunetik bi astera luzatuko da. Belarriprest eta Ahobiziei, entitateak batuko zaizkie aipatu moduan. Iazko norbanakoen konpromisoei, konpromiso kolektiboena gaineratuko zaie honenbestez. Denetariko entitateen parte hartzea sustatuko da hurrengo urtebete honetan “Ariguneen” (euskaraz aritzeko gune kolektiboen) bidez. Entitateez ari garenean, eremu ezberdinetako lantegi, erakunde, eragile edo elkarteei buruz ari gara, herritar taldeei buruz.

Bi baldintza bete beharko dituzte Ariguneetako partaideek: denek euskaraz ulertzeko gai izan eta 15 egunez euskaraz aritzera konprometitu beharko dira.

Bolondresak
Bistan denez, 2020ko Euskaraldirako atzera kontaketa martxan da. Lanketa hau guztia bideratzeko 12 hilabete daude aurretik eta bolondresak beharko dira. “Usurbilgo 2020ko Euskaraldia girotzen laguntzeko prest zaude? Gustura hartuko zaitugu gure artean!”, luzatu dute Usurbilgo Euskaraldiko taldetik.

Antolaketa lanen eredua berritu dute aurtengoan. Aurreko edizioan bezala, bi hilabetean behin bilduko den herritarren batzorde ireki bat osatu da. Eta haren baitan lau lan talde martxan dira, entitateekin lan egin, ekintzak antolatu edota komunikazio zein koordinazio lanez arduratzeko. “Lan talde bakoitzak kideen artean adostuko ditu lan-dinamika eta bileren maiztasuna”, iragarri dute Usurbilgo Euskaralditik.

Antolaketa lanetan izan den aldaketak argitu dituzte. “Batzorde hori baliatuko dute lantaldeek elkarren berri izateko, eta bilera horietan hartuko dira guztioi eragingo dizkiguten erabakiak. Batzordea irekia izango da, eta edonork parte har dezake”.

2020ko Euskaraldia
Noiz: azaroaren 20tik abenduaren 4ra.
Iraupena: 15 egun.
Parte hartzeko moduak:
-Norbanakoek: Ahobizi (lehen hitza euskaraz) edo Belarriprest (Ahobizien hizketari jarraipena ematea) gisa.
-Entitateek: Ariguneen bidez.
Izen ematea:
-Usurbilek herri bezala urrian eman zuen izena.
-Herritarrentzat 2020ko irailean.
Antolaketa egitura berria lanean da:
-Herritarren batzorde ireki bat.
-Lau lan talde ireki:
1-Entitateekin lan egingo duen taldea: entitateei Euskaraldia aurkeztu, parte hartzera gonbidatu eta ekimena aurrera eramateko laguntza eskaini edota herriko entitateen mapa osatuko dute.
2-Ekintzen lan taldea: Euskaraldia herriratzeko ekimenak antolatuko ditu; tartean, datorren Euskararen Egunekoak.
3-Komunikazio lan taldea: webgunearen eta sare sozialen kudeaketa, albisteak sortzea, antolatutako ekintzen berri emango du…
4-Koordinazio lan taldea: kontu ekonomikoak eta barne harremanak kudeatuko ditu (Gipuzkoako foroetan parte hartu…).
-Antolaketa lanetan parte hartzea: lantalderen batean parte hartu edo une puntualetan laguntzeko aukera.
Informazio gehiago eta antolaketan parte hartzeko izen ematea:
usurbil.euskaraldia.eus
usurbil@euskaraldia.eus
688 807 336