Autodefentsari buruzko mahai-ingurua eta elkarretaratzea azaroaren 25ean

Noaua Aldizkaria 2019ko aza. 21a, 10:23

Ostiral gauetan Potxoenean biltzen diren kafe tertulia feminista taldeko kideek autodefentsari buruzko mahai-ingurua eta elkarretaratzea deitu dute azaroaren 25eko Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Egunerako.

NOAUA! aldizkariari eskaini dioten elkarrizketan, ostiral gauetan Potxoenean biltzen diren Usurbilgo Kafe Tertuliako kideek azaroaren 25erako deitu dituzten ekimenen berri eman dute. "Ez dugu Martxoaren 8an egin zen dimentsioko ekimenik prestatu", iragarri dute. Ez horregatik garrantzia txikiagokoak. "Arratsaldean zentratu dugu kontua, lan eguna izanik, ahalik eta jende gehien biltzeko modu bakarra da. Lehenengo, kontzientziazio lan hori egiteko mahai-inguru bat egingo dugu autodefentsari buruz, eta gero kontzentrazioa modu bisualagoan herriari azaldu nahi dioguna erakusteko". Belaunaldi ezberdinetako emakumeen iritziak bildu nahi dituzte aipatu mahai-inguruan, "denok jasaten dugulako zapalkuntza. Elkar elikatzea da helburua".

Zapalkuntzei aurre egiteko tresnak ikusgarri egin nahi dituzte. Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Egunarekin "
gizarteari transmititu nahi diogu zer inpotentzia sentitzen dugun eta zein desados gauden zapalkuntza ororekin. Ez gaude biktimak izateko prest. Haserre agertu nahi dugu, eta herriari erakutsi zertarako gai garen. Erasotzaileei deseroso sentiaraztea ere garrantzitsutzat jotzen dugu, bai egun horretan, bai gainontzeko guztietan ere".

Hitzorduokin, NOAUA! bidez nabarmendu nahi izan dutenez, "kontzientziazio maila igo nahi dugu Usurbilen. Autodefentsa feminista ez da esparru fisikora bakarrik mugatzen, esparru psikologikoan ere eragin nabarmena du eta egunerokotasunean jasaten ditugun erasoei aurre egiteko tresna bat da. Lema nagusi bat atera zen Lizarrako jardunaldietan, eta horixe erabiliko dugu: “Zuen biolentziari guk autodefentsa feminista”.

Kafe Tertulia feminista taldea irekia da, "
edozein neskak gai konkretu baten gainean interesa badu anima dadila".

EMAKUMEENGANAKO INDARKERIAREN KONTRAKO EGUNA
Azaroak 25, astelehena
17:00 Autodefentsari buuruzko mahai-ingurua frontoian.
19:00 Elkarretaratzea Mikel Laboa plazan.

Deitzaileak: Usurbilgo Kafe Tertulia.