Aske eta etxean behar zuten arren, Usurbil eta Oriotik 600 kilometrora, Valentziako Picassenteko espetxean segitzen duten Xua eta bere guraso Olatz Lasagabaster eta Patxi Urangaren kaleratzearen eta familia ez bereiztearen alde lanean diharduten Usurbil, Orio eta Zarauzko lagunek osaturiko herri ekimenak urrats berri bat eman du. Arartekora jo dute. Ararteko Manu Lezertuarekin eta Justizia eta Espetxeratuen arloko arduradun Roberto Morenorekin bildu dira ostegun honetan Donostian.
Bileran atera duten ondoko argazkia eta hitzorduaren berri helarazi dio NOAUA!ri Xua Gurasoekin Etxera herri ekimenak. "Xuaren amonarekin batera, laster Picassenteko espetxean dauden bere gurasoengandik banatua izan ez dadin egiten ari diren ahaleginak azaldu dizkiete. Arartekoak arreta handiz entzun ditu azalpenak eta, horrelako aferetan berezko eskuduntzarik ez izan arren, bere esku dagoen guztia egingo duela agindu die. Gizatasunagatik eta umearen hobebeharra lehenetsita, erabakiak hartzea dagozkien erakunde eta instituzioetara zuzentzeko prestutasuna agertu du", aipatu herri bilgunetik aditzera eman dutenez.
Xuak, Olatzek eta Patxik bizi duten egoera ekarri du gogora Xua Gurasoekin Etxera herri ekimenak. "Xua Lasagabaster Uranga Picassenteko espetxean (Orio-Usurbildik 600 km-ra) bizi da bere ama Olatzekin eta presondegi berean dagoen Patxi bere aita noizbehinka ikusten du. Datorren urtarrilaren 19 hiru urte beteko dituenean, bere gurasoengandik banatu egingo dute. Banaketa gogor hori ekidin daitekeelakoan, lanean ari da plataforma. Izan ere, Patxi eta Olatzek ekainean bete zituzten hamar urte preso eta zigorraren hiru laurdenak aspaldi beteta dituzte. Hortaz, Espainiako legedi arrunta aplikatuta, libre behar lukete".
1.600 sinadura bilduta
Usurbil eta Orioko udaletako udalbatzek mozio bana onartu zuten urria amaieran, inguruotako artistek abestia eta koreografia sortu zuten, manifestua ere kaleratu zuten eta Xua gurasoekin etxera ekartzeko manifesturako sinadurak biltzen segitzen dute aipatu herri ekimeneko kideek. Ostiral goiz honetarako (azaroak 22), jada 1.593 atxikimendu jasoak zituzten. Zure sinadura eman nahi baduzu hemen duzu esteka: https://www.change.org/p/eskubideak-orain-xua-gurasoekin-etxera
MANIFESTUA
Xua Lasagabaster Uranga Picassenteko espetxean (Valentzia) jaio zen, 2017ko urtarrilaren 19an. Bere amarekin bizi da eta noizbehinka elkartzeko aukera izaten du espetxe berean preso dagoen bere aita Patxirekin. Hilabete gutxi barru, hiru urte beteko ditu. Espainiako legeak hala aginduta, bere gurasoengandik bereiziko dute eta ezin izango ditu ikusi bisitetan ez bada.
Eten oso mingarria izango da, jakina. Are gehiago, urruntasunak (Usurbil- Oriotik 600 km.-ra dago Picassent) elkar ikuste- ko aukerak murriztuko dizkielako. Dena den, ez lukete zertan banaketaren sufrimendu gehigarria jasan behar. Izan ere, Olatzek eta Patxik 10 urte bete dizuzte preso ekainean. Beren 12 urteko zigorraren 3/4ak baino gehiago. Horrenbestez, Espainiako legeria arrunta aplikatuz, biek ala biek baldintzapeko askatasuna lortzeko eskubidea dute. Horixe da, hain justu, agintariei eskatzen dieguna. Salbuespenezko legeak alboratu eta legez eta gizalegez joka dezatela. Ekidin daitekeen sufrimendurik ez diezaietela eragin hirurak bananduta, eta Xuarekin batera Patxi eta Olatz gurasoak ere etxera ekar ditzatela.