Xua Gurasoekin Etxera

Euri eta haizeteei aurre eginez, Xua Gurasoekin Etxerak antolaturiko martxa Oriora bidean

Noaua Aldizkaria 2019ko aza. 23a, 13:17

Euria eta haizea ez da oztopo izan irudiko herritar taldearentzat! Xua Gurasoekin Etxera herri ekimenak gaurko Oriora deitutako martxa bidean da! Ibiltari talde batek hasi du ekimenak 9:30ak pasatxoan. Adi gaur goizerako deitu dituzten deialdiei.

Euskal presoen sakabanaketa salatzeko Dispertsioff 2019 ekimenaren bosgarren edizioa antolatu dute gaurko (azaroak 23) Orion. Egun osoko egitaraua abiatzeko, aurten, espetxealdiaren hiru laurdenak beteta jada kalean behar zuten arren, Usurbil eta Oriotik 600 kilometrora, Valentziako Picassenteko espetxean diren Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga presoen eta haien alaba Xuak bizi duten egoera nabarmentzeko martxa antolatu dute hilaren 23an Usurbildik Oriora. Gogoan izan, Xuak hiru urte beteko ditu urtarrilean eta egoera aldatzen ez bada, gurasoengandik bereiziko dute.

Testuinguru honetan, familia bereizi ez eta egun indarrean den legedia aplikatuz hiruren etxeratzea galdegiteko antolatu du Xua Gurasoekin Etxera herri ekimenak, aipatu martxa. Lekukoa usurbildarrek eramango dute Orioko hondartza ondoko autopistako zubi azpiraino. “Han oriotarrak zain izango dituzte eta usurbildarren eskutik ‘Xua Gurasoekin Etxera’ aldarriaren lekukoa jasoko dute. Denek elkarrekin herri barnerako bidea egingo dute Ikastola pareko plazaraino eta bertan ekitaldia izango da” eta segidan egun osoz, Dispertsioff ekimeneko gainerako hitzorduak. “Antolatzaileek parte hartzera animatzen dituzte herritarrak, guztion artean, Xua beren gurasoengandik ez bereizteko ahaleginean bere alea ekarri baitezakete”, ohartarazi dute.


Azaroak 23, larunbata: Dispertsioff
Mendi martxa Usurbildik Oriora, Bordatxoko errotondatik abiatuta:
9:30 Oinez joango direnak.
10:30 Korrika joango direnak.
11:00 Txirrindaz joango direnak.

11:30 
Usurbildik abiatutako guztien elkartzea Orioko San Martinen, autopistaren sarrerako errotonda inguruan. Handik Orioko hondartzarantz.
12:00 Usurbildik abiaturiko mendi martxari ongi etorria: oriotarrekin bat egitea hondartza ondoko autopistako zubi azpian. Oriotarrek hartuko dute lekukoa. Handik Orioko ikastolarantz.
Ondoren, ekitaldia ikastola pareko plazan.
14:30 Herri bazkaria Gaztetxean: babarrun jana musikaz girotua. Aukera beganoa ere izango da. Txartelak Gabonen, Aterpen eta K2n salgai. Prezioak: 20 eurotan bazkaria, haurrena 5 eurotan. Bazkaria eta kontzerturako sarrerak 25 eurotan eta kontzerturako soilik 8 eurotan.
20:30 Orioko Gaztetxean: Arrotzak, Kazkezur, Hartz, Rodeo eta Tropical Ice Land. Anartz, Mkol eta Arizonako Billy djak goizaldera arte.

Informazio gehiagorako helbide honetara idatzi: xuagurasoekinetxera@gmail.com