#A25 Jaien ikuspegi feministaz hausnarketa saioa abenduaren 2an

Noaua Aldizkaria 2019ko aza. 25a, 10:23

Usurbilgo Udaleko Parekidetasun Sailak abenduaren 2rako antolatu duen saiora denetariko festak antolatzen dituzten eragileak gonbidatu nahi dituzte.

Abenduaren 2an izango da saio ireki hau, arratsaldeko 18:00etan Potxoenean. Usurbilgo Udaleko Parekidetasun Sailak antolaturiko bileran, denetariko festak antolatzen aritzen diren eragileak erakarri nahi ditu. Herriko festez hausnartzea da helburua.

Antropologian, feminismoan, partaidetzako prozesuetan eta ekonomian duten ezagutzan oinarrituta lan egin eta prozesuotan aditua den Farapi kooperatibak bideratuko du saioa. Usurbilgo Udalak berri eman duenez, “antolatzen diren ekitaldiek ikuspegi feminista txertatua duten edo ez aztertzea nahi dute, eta erantzuna ezezkoa bada, horri buelta nola eman pentsaraztea”.

Jaietako gida eta protokoloa landu zituzten
Erasorik gabeko jai eredu parekiderantz hainbat urrats eman dira azken urteotan Usurbilen. Iragan herriko festei begira, erasorik gabeko jai gunea izan eta jai eredu parekideen alde Udalak eta herritarrek bideratutako lanketatik festetarako gida eta protokoloa plazaratu zituzten. Gida jai egitarauarekin batera banatu zuen Udalak. Gidak jaietan zerbait gertatuta nola jokatu biltzen zuen. Erasoen aurkako protokolo bat ere landu zuten. Protokolo honen testuinguruan, jaietan, besoko moredun bolondresak aritu ziren. Erasoen markagailua ere jarri zuten.