Xua gurasoekin etxera ekartzea eskatzeko aukera berria gaur, elkarretaratzea 20:00etan Mikel Laboa plazan

Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak deituta, euskal presoen eskubideen aldeko mobilizazioa gaur (azaroak 29) 20:00etan Mikel Laboa plazan.

Ixa handi baten formadun lekukoa eskutan, Usurbil Oriorekin lotu duen martxa ospatu zen azaroaren 23an. Gugandik 600 kilometrora diren Xua eta bere guraso Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga presoak bereizi ez eta hiruren etxeratzea eskatu zuten. Atxikimenduak metatzen doa, Xua Gurasoekin Etxera herri ekimena. Hitzordu berriak ditu begi bistan.

Ekainean jendaurrean aurkeztu zutenetik, etenik gabe lanean da Xua bere guraso Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga etxera ekartzeko, Usurbil, Orio eta Zarauzko lagunek osaturiko herri bilgunea. Dakizuenez, abesti bat sortu eta plazaratu zuten uda amaieran. Manifestu bat ere bai; eta atxikimenduak biltzeari ekin zioten. Atxikimendu horietara batu ziren urria amaieran, Usurbilgo eta Orioko udaleko udalbatzak. Mozio bana onartu zuten aho batez. Eta erakunde ezberdinekin egingo duten bilera erronda ere abiatu dute.

Manifestuak 1.600etik gora atxikimendu
Xuarekin bere guraso Olatz Lasagabaster eta Patxi Urangaren etxeratzea eskatzeko manifestua kaleratua du aipatu herri ekimenak. Ostiral goiz honetarako jada 1.620 atxikimendu bilduak zituzten. Zuen sinadura esteka honetan eman dezakezue: https://www.change.org/p/eskubideak-orain-xua-gurasoekin-etxera 

Mozioak Usurbilgo eta Orioko Udaletan
"Dagokien autoritateei eskatzea behar dituzten neurriak har ditzatela, legedia kontuan hartuz ahal bezainbeste bermatzeko adin txikikoa eta bere gurasoen arteko harremana, zaintza eta gertutasuna; familiaren batasuna eurek sustraituta dauden ingurune sozialean lagunduz eta adin txikikoaren interes gorena babestuz", zioen Xua Gurasoekin Etxera herri ekimenaren mozioa onartu zuen aho batez Usurbilgo Udaleko udalbatzak urriaren 31n. Oriokoak ere gauza bera egin zuen.

Arartekotik Batzar Nagusietara
Herritar, eragile eta erakundeen babesa jasotzen ari da Xua Gurasoekin Etxera herri ekimena. Orioko eta Usurbilgo udalbatzena, eta azken egunotan baita Arartekoarena. Herriaren defendatzaile lanak egiten dituen Arartekoarekin bildu ziren joan den ostegunean aipatu herri bilguneko ordezkariak, tartean, Xuaren amona Mari Karmen Anza. Herri ekimenak bere dinamika aurkeztu zion Arartekoari. "Arartekoak arreta handiz entzun ditu azalpenak eta, horrelako aferetan berezko eskuduntzarik ez izan arren, bere esku dagoen guztia egingo duela agindu die. Gizatasunagatik eta umearen hobebeharra lehenetsita, erabakiak hartzea dagozkien erakunde eta instituzioetara zuzentzeko prestutasuna agertu du".

Arartekora soilik ez, erakunde gehiagotara jotzeko asmotan dira; bai Gipuzkoako Batzar Nagusietara, baita Gasteizko Legebiltzarrera ere. 

Manifestazioa abenduaren 28an 
Eta orain arte bezala, hilero azken ostiraletan 20:00etan Mikel Laboa plazan mobilizatzen segiko dute, Xua gurasoekin etxera ekarri arte. Mobilizazio bereziak ere izango dira hurrengo asteotan; tartean, abenduaren 24ko gabonetako kantu-jiran. Urtarrilaren 11ko Bilboko mobilizazioa girotzeko Sarek ere manifestazio bana deitu du Hego Euskal Herriko hiriburuetan abenduko azken asteburuan. Donostiakoa hilaren 29an 12:00etan Bulebarretik. Gipuzkoako hiriburukoan Xua eta gainerako motxiladun umeen eskubideen aldekoa izango da, Xua gurasoekin etxera ekartzea galdegiteko hitzordua.

Material salmenta
Herri ekimena irudikatzen duen ixa handia soinean jantzita eramateko gonbita ere luzatua du ekainean jendaurrean aurkeztu zenetik, Xua Gurasoekin Etxera herri ekimenak. Kamisetak edota ixa handidun pegatinak saltzeko nahiz manifestua sinatzeko postua jarri dute hilabeteotan eta hurrengo asteotan ere gauza bera egingo dute.

Informazio gehiago:
Twitter: https://twitter.com/EtxeraXua
Facebook: https://www.facebook.com/xuagurasoekinetxera/
Instagram: https://www.instagram.com/xuaetxera/?hl=es

Erlazionatuak

Xua gurasoekin etxeratzeko martxak Usurbil eta Orio lotu ditu

Usurbil

Eskuz esku ibili duten ixa handi batek lotu ditu larunbat goiz honetan Usurbil eta Orio; Xua Gurasoekin Etxera herri ekimenak antolaturiko martxak ...
Euri eta haizeteei aurre eginez, Xua Gurasoekin Etxerak antolaturiko martxa Oriora bidean

Usurbil

Euria eta haizea ez da oztopo izan irudiko herritar taldearentzat! Xua Gurasoekin Etxera herri ekimenak gaurko Oriora deitutako martxa bidean da! I...