Euskararen Eguna

Txikienen ahotsetik ere gorazarre euskarari

Noaua Aldizkaria 2019ko abe. 3a, 16:50

Udarregi Ikastolak Euskararen Eguneko egitarau zabala hasi bezala, kantuan amaitu du txikienekin. Haur Hezkuntzako ikasleen saioa ospatu dute gaurko klase egunaren azken txanpan.

Gainerakoek bezala, ikasle gaztetxoenek ere euskarari gorazarre egin diote kantuan, Jaione Eskudero musika irakasleak zuzendu duen saioan. 

Ekitaldiz betetako egunari eman diote amaiera. Patioak apaindu, LHkoen goizeko kalejiraren abiatzea ikusi, gaztainak jan edota aurpegiak margotu zein dantza tailerrak izan dituzte HH-koek.

LH-koek goizean herrian barrena egin duten kalejiraz eta kantu saioaz gain, laburmetraia bat ikusi, eta ekintza desberdinetan parte hartzeko aukera izan dute bazkalostean. Txoko-bira prestatu diete hezitzaileek. "Ekintza desberdinak proposatu dira eta ikasleak batetik bestera, libreki, momentu bakoitzean egin duten ekintza hautatuz aritu dira". Dantzak, euskal eta kantu jolasak, marrazki librea eta plastika txokoa, filmak ikusteko gune lasaiak, Fotokola, Ahobizi/Belarriprest koreografia... izan dituzte.

DBH-koek ere ekintza desberdinetan parte hartu dute: apainketa lanak, herri kirolak, dantza, jolasak...