Usurbil, igandeko ETB-ren "Herri Txiki Infernu Handi" saioan

Noaua Aldizkaria 2019ko abe. 7a, 08:40

Heltzear da herria eta usurbildarrak pantaila handian ikusteko estreinaldi eguna. Igandean (abenduak 8) gaueko 22:00etan hasita ETB1-en, hurbilekoa egingo zaigun “Herri Txiki, Infernu Handi” saioa; Usurbili eskainitakoa. Azaroa hasieran lehenbizi kalean ahots eta irudiekin hornitzen hasi, eta gonbidapenak ordu gutxitan agortuarazi zituen Oiardo Kiroldegiko grabazioarekin amaitu zuten lana erakutsiko du Zuhaitz Gurrutzagak eta Mikel Pagadik aurkezturiko atalak. Gurrutxagarekin bildu zen NOAUA! Kiroldegiko grabaketan.

Usurbilgo irudi eta usurbildarren ahotsak biltzetik zer sentsaziorekin zatozte azken grabazio saiora?
Zuhaitz Gurrutxaga: 
Zorte txarra izan genuen eguraldiarekin, baina zorte ona gonbidatuek eman ziguten, ezagutu genuen jendeak dena eman zuen. Enbaxadore oso onak dituzue. Oso bideo politak eta oso umoretsuak geratu dira. Oso pozik geratu gara. Gerora jakin dugu, Kiroldegiko grabaziorako gonbidapenak zabaldu eta ordu gutxitan agortu zirela. Horrek ere motibazio estra bat ematen digu, jendeak babestuko gaituen segurtasun horrekin.

Bilatzen ari zinetena erraz aurkitu duzue?
Herri askoz txikiagotan ibiltzen gara normalean. Herri txikietan denek elkar ezagutzen dute eta errazagoa da haien arteko sare hori osatzea. Herri handiagoetan zailagoa izaten da hori lortzea, baina Usurbilen lortu dugula uste dut. Ezagutu ditugun pertsonak herrian ezagunak, umore handikoak, herritarrak ongi identifikatuak sentiaraziko dituztenak eta herria ongi deskribatzen lagunduko digutenak aurkitu ditugulakoan gaude.

Usurbilez zer irudi zenuten lehen? Eta irudi eta ahotsak bildu ostean?
Herri jatorra, euskara politekoa, hori zen lehendik ezagutzen nuena Usurbildik. Orain bertako jendea pertsonalki ezagututa, are jatorragoa iruditzen zait.

Dagoeneko ehunetik gora atal eskaini dituzue. Herri baten bihotzeraino sartu ohi zarete. Harreman berezia sortuko da gero lan taldearen eta herrion artean?
Askotan gerora konturatu gara atzean zer utzi dugun. Inoiz herriotara pertsonalki itzuli izan garenean, “Herri Txiki Infernu Handi” saioak arrastoa utzi duela ikusi izan dugu, guk jakin baino handiagoa. Adibide bat emango dizut. Behin Bizkaiko herri batean elkarrizketa bat egin genuen. Txantxa moduan, Athletic zaletu amorratu batek herrian klubaren izena zeraman kalea nahi zuela adierazi zigun. Alkateari hori eskatzera gindoazen baina umore puntuan. Itzuli gara herri horretara eta kale bat dago Athletic klub izenarekin. Ez dakizkigun halako zenbat aztarna geratu ote dira, batez ere oso txikiak diren herrietan.

Kiroldegiko grabaziorako gonbidapenak eskuragarri jarri eta oso ordu gutxitan agortu ziren. Zein da saioaren arrakastaren giltza?
Umorea jorratzea baina errespetutik. Umorean aritzerakoan bada nahigabe igaro daitekeen hari gorri bat, grazia egin beharrean norbait gaizki sentiaraztea. Goitik beherako umorea egin beharrean, gure asmoa beti gu aurkezle bezala eta saioa gonbidatuaren azpitik jartzea izan ohi da. Uste dut hori dela sekretuetako bat, umorea egitea baina beti errespetu handiz.

Agurtzeko usurbildarrei zer esan nahiko zenieke?
Jarraitzeko umore horrekin. Telebistan agertuko diren usurbildar guztiak zabal zabalik etorri dira, kamerak daudelako beldurrik gabe. Horrela segi, umore handiz eta jator.

Zer ikusiko dugu abenduaren 8an?
Usurbilgo saioa abenduaren 8an eskainiko dugu. Kiroldegiko grabaziora etorri ezin izan duenari, esan ikusi dezala saioa. Usurbilgo ordezkaritza oso polita aurkituko du. Harro sentituko dira haien herritarretaz eta beraien herriaz, seguru.