Usurbilgo alkatea Gipuzkoakoei: "Alboan behar zaituztegu. Gure herria larrialdi egoeran dago eta SOS mezu bat igortzen dizuet"

Noaua Aldizkaria 2019ko abe. 11a, 11:36

Gutun bana helarazi die Usurbilgo alkateak Gipuzkoako gainerako udaletako alkateei, mezu argi batekin; "Alboan behar zaituztegu. Gure herria larrialdi egoeran dago eta SOS mezu bat igortzen dizuet". Erraustegia geratzeko ostiralerako deitu duten manifestazioarekin (19:00etan udaletxe ataritik) bat egin eta erraustegiaren gaia udalbatzarretara eramatea galdegin die Agurtzane Solaberrietak. Hemen aipatu gutuna osorik:

Alkate estimatua:

Ondo dakizu herri baten egunerokoan zenbat gorabehera sortzen diren. Alkatetzak, poz eta esker oneko uneekin batera, buruhausteak ere ekartzen dizkigu. Horregatik, karguaren konplizitateak elkar ulertzea erraztuko duelakoan, zuregana zuzentzen naiz nire kezka azaltzera.

Lehengo ostegunean probaldi fasean jarri zuten Zubietako errauste-planta, hain justu, Europako Legebiltzarrak klima larrialdia deklaratu zuen egun berean. Egunotan Madrilen bildu dira munduko agintariak, larrialdi klimatikoari aurre egiteko politika zehatzak zehazteko. Gaia serioa eta kezkagarria ez balitz, usurbildarroi inork gustu txarreko broma egin digula dirudi. Baina, tamalez, ez da broma, ez. Oso kezkatuta gaude, egunero errauste-plantaren tximinietatik ateratzen diren ke-zutabe erraldoiak ikusten ari baikara, beheko irudian ikusiko duzun bezala. 8 urteko alabak egunero galdetzen dit: “Ama, zergatik egin dute? Txarra da?”. Herriko haurrek duten kezkaren isla da.

Zubieta, argitu dezagun, udalerri izaerarik ez duen herrixka da. Administratiboki bitan banatuta dago: parte bat Donostiaren menpekoa da, eta bestea Usurbilen menpekoa. Geografikoki Oria ibaiaren ertzean dago, eta Lasarte-Oriako eta Usurbilgo herriguneak ditu gertuen. Donostiako erdigunea hamar bat kilometroko distantziara dago.

Errauste-plantaren proiektuak izan dituen gorabeheretan ez naiz sartuko, baina uste dut arazo etiko, demokratiko, ekologiko eta ekonomiko latz baten aurrean gaudela. Inork ez du aldamenean nahi, eta, hala ere, derrigorrean egin beharrekotzat saldu zaigu.

Dilema etiko horrek dimentsio latza hartzen du errauste-plantak eragiten dituen osasun- eta ingurumen-kalteak aintzat hartuz gero. Ikerketa asko daude argitaratuta, aldizkari serio, fidagarri eta modernoetan, errauste-plantaren osasun-kalteak nabarmentzeko eta ebidentziaren mailara eramateko. Berriki, Zubieta Lantzen elkarteak, errauste-planta martxan jarri aurreko azterketa zientifiko bat egin du. Kutsagaiak neurtzen hasteko, bi ikerketa-lerro zabaldu dituzte, errauste-plantaren zero gunetik hurbil dauden herrietan; oilategietan laginak hartu dituzte, dioxinak neurtzeko, eta Usurbil, Lasarte-Oria zein Andoaingo ama taldeek bularreko esnea eman dute aztertua izan dadin. Azterketa hauek martxan jarri aurretik eta martxan jarri ondorengo urteetan errepikatu nahi dituzte. Ikusteke, beraz, zer dioten, gure kasuan. Administrazio publikoaren ardura euren gain hartu dute herritarrek, eta, zentzu horretan, bada txalotzekoa eta azpimarratzekoa euren jokabidea. Errauste-plantak eragin dezakeen kezkaren beste adibide bat baino ez da.

Izango da ikerketa horiei sinesgarritasuna kentzen dienik (gainera, ez dugu zertan denok iritzi bera eduki), baina, osasunaz ari garela, arrisku hutsak aski behar luke arduraren eta prebentzioaren printzipioa aplikatzeko beste ezeren aurretik.

Osasunak eta ingurumenak kezkatzen nau gehienbat, gaurko eta biharko herritarrek jasan dezaketen eragina eta ondorengo belaunaldiei utziko diegun mundua. Ardura instituzionala dugun guziok dugun kezka izango dela ulertzen dut. Ez dut dudarik.

Aitortuko dizuet, edonola ere, ez dela kezka bakarra, proiektu honetaz ari garelarik. Beste bi alderdik ere arduratzen naute: batetik, proiektuaren kostu ekonomiko handiak eta horrek udaloi eragingo diguna; bestetik, Europak etorkizunerako markatzen dituen direktibei entzungor eginez, Gipuzkoako hainbat herritan abiatutako hondakin tratamendurako bide jasangarriari muzin egiteak. Alderdi humano, sozial, ekologiko, eta ekonomikotik begiratuta, atzerapauso izugarria da errauste-planta martxan jartzea.

Gipuzkoako gizartea egunez egun erakusten ari da ez dela behar halako azpiegiturarik. Hainbat herritako birziklatze-tasak Gipuzkoa osora estrapolatuz gero, kitto, bukatuta legoke eztabaida. Garbi dago, beraz, zein den bidea. Horregatik, zentzu betea du herrian entzuten den esaldi honek: “Burua duenak ez du ondoan nahi eta bihotza duenak ez du inon nahi.”

Azken batean, hondakinak kudeatzeko dugun moduak eta, zer esanik ez, dilema etiko, demokratiko eta ekologiko baten aurrean hartzen dugun jokabideak, garbi islatzen dute zer garen, nolakoa den gure izaera kolektiboa.

Horiek horrela, hauxe da egin nahi dizudan eskaera:

Alderdien arteko eztabaida eta logiken gainetik, karguak ematen digun konplizitateaz, Zubietako errauste-plantaren gaia zure herriko udalbatzarrera eramatea. Nahi nuke itxikeria politikorik gabe eta herritarren ongizatea oinarritzat hartuz, gai honi buruzko eztabaida parametro etiko, demokratiko eta ekologikoetan ematea. Halaber, ostegunean izan genuen udalbatza saioan hartu genuen erabakiaren berri emateko baliatu nahi dut gutun hau: egoerarekin kezkatuta eta larrituta, Usurbilgo Udalak abenduaren 13rako manifestazioa deitu du eta zuk ere bat egiteko eskatu nahi dizut. Alboan behar zaituztegu. Gure herria larrialdi egoeran dago eta SOS mezu bat igortzen dizuet.

Besterik gabe, jaso ezazu nire agurra eta esker ona.