Txikizioak azken orduotako haizeeten eraginez

Noaua Aldizkaria 2019ko abe. 13a, 15:52
Aginaga Sagardotegi atariko aparkalekua. Irudiaren egilea: Usurbilgo Udala.

Azken orduotan izan ditugun haize bolada gogorrek txikizio anitz eragin dituzte. Kasu askotan, zuhaitzak erori dira bidera, Usurbilgo Udalak berri eman duenez. Euria ere gogotik egin du; uholde arriskua handituz, errioak maila horia igaro eta laranjara heltzear izan da goizaldean. 18:00ak arte abisu horian segiko dugu haizeagatik.

Haize ufada gogorrak eta euria ere gogotik bota du azken orduotan; inguruotako bide zein errio inguruetan nabari izan da. Haizeari dagokionez, txikizio hainbat izan dira; kasu gehienetan bidera eroritako zuhaitzek edo zuhaitz zatiek eragindakoak. Adibide gisa, Usurbilgo Udalak ondoko irudien bidez bildu dituenak. Aginaga Sagardotegi atariko aparkalekuan zuhaitz bat erori da. Zuhaitz zati bat baita, Atxegalden, Alperro-Buru kalean. "Besteak beste, frontoian euri-urak jaisteko hodietako bat askatu da (dagoeneko ondo jarri du brigadak)", berri eman du baita Usurbilgo Udalak. 

Errekatxikiko biribilgunean bestalde, "bi poste erori dira". Egoeraren balantzea egiten ari da Udala. "Udaltzainak eta brigadako langileak banan-banan ari dira lekuetara joan eta argazkiak ateratzen: txostenak egin, eta partea emango zaie aseguru-etxeei", iragarri du Udalak. Orduotan bildutako xehetasun guztiekin, datorren astelehenean "larrialdi mahaia bilduko da, kalteen balorazioa egiteko". 

Haizearekin batera gogotik bota du euria. Oria da jaso duen ur horren guztiaren ispilu argia. Ostiral goizalde honetan Lasarteko estazioak neurtu ahal izan duenez, maila horia igaro eta ia laranjaraino heldu da errioa, uholde arriskua nabarmen handituz. Eguerdirako jada maila berdean zen berriz. Euriagatik indarrean izan den abisu horia indargabetu dute jada.

Asteburuan hoberantz
Alerta laranjan izan gara zenbait ordutan haizeagatik, abisu horian gara berriz ostiral arratsaldeko 18:00ak arte. "Mendebal/ipar-mendebaldeko haize-boladek 100 km/h-ko abiadura gaindi dezakete haizeguneetan, bereziki kostaldean". Iluntzerako giroak baretze aldera egingo du, eta asteburuan zehar nabarmen hoberantz. 

Ostiral honetan oraindik, Usurbilen "zerua hodeitsu edo oso hodeitsu egongo da. Gauean hodeiak gutxitu egingo dira. Zaparrada txikiak botako ditu, zenbait tokitan ertainak, bereziki ekialdean. Arratsaldean prezipitazio txikia egingo du noizbehinka, eta gauean atertzera egingo du. Mendebal/ipar-mendebaldeko haize bizia ibiliko da bolada gogorrekin, eta oso gogorrekin. Egunaren bigarren partean haizeak indarra galduko du. Tenperatura gutxi edo nahikoa igoko da".

Larunbatean, "goiz-lanbroa. Zerua tarteka hodeitsu egongo da; erdi mailako hodeiak eta goi-hodeiak nagusituko dira, bereziki egunaren bigarren partean. Mendebal-osagaiko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin eta oso gogorrekin, bereziki gauean. Egunaren bigarren partean hego-mendebaldeko haizea nagusituko da. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez. Tenperatura maximoak gutxi igoko dira".

EGUNOTARAKO IRAGARPENA
Abenduak 13, ostirala
"Orduak pasa ahala egoerak hobera egingo du. Goizean atertzera egingo du, baina ekialdeko eskualdeetan oraindik ere euria egiten jarrai dezake, bereziki Nafarroa iparraldean eta Iparralden. Arratsaldean ere busti dezake, baina eguna amaitzerako guztiz atertuko du. Goizean goiz haizea indartsu ibiliko da denean, baina bereziki kostaldean; arratsaldean ahultzera egingo du. Tenperatura maximoak pixka bat igoko dira".

Abenduak 14, larunbata
"Larunbatean giro lasai eta atsegina espero dugu. Lehen orduetan hodei multzoak ikusiko ditugu, baina desegiten joango dira goizak aurrera egitearekin batera, eta ostarteak ere zabalduko dira. Arratsaldetik aurrera goi-hodeiak ugariak izango dira baina ez dute euririk utziko. Hegoaldeko haizea ibiliko da, aurreko egunean baino indar gutxiagorekin, eta tenperaturan ez dugu aldaketa handirik espero, berriz ere balio nahikoa suabeak neurtuko dira".

Abenduak 15, igandea
"Igandean guregandik hurbil izango den fronte batek hodeiak ekarriko dizkigu. Hodei gehien mendebaldean pilatuko dira, eta ez da baztertzen bertan tarteka euri pixka bat egin dezakeenik. Ekialdean hodeitza saretuago egongo da. Hego-haizea ibiliko da eta tenperatura maximoak antzekoak edo apur bat baxuagoak izango dira".

Informazio eguneratua hemen: euskalmet.eus