Zubietako erraustegia

Agurtzane Solaberrieta, Usurbilgo alkatea: "Zuen elkartasuna eta berotasuna sentitu ditugu"

Noaua Aldizkaria 2019ko abe. 14a, 16:25

Animu hitzokin amaitu du Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrietak, Udalak ostiral iluntze honetan "SOS Usurbil, erraustegia gelditu" aldarripean antolatuta, herrian barrena egin den manifestazio jendetsua. Ondoko bideoan dituzue bere hitzak. 

Esker oneko agertu da, manifestazioan parte hartu duen herritar zein Usurbila etorri diren gipuzkoarrekiko. "Zuen elkartasuna eta berotasuna sentitu ditugu: bakarrik ez gaudela sentitu dugu, erraustegia martxan jarri duten fase berri honetan, ezinbestekoa zaiguna”. 

Klima aldaketaren inguruko mundu mailako goi bilera egiten ari dira asteotan Madrilen. Usurbilgo alkateak "justizia klimatikoa" galdegin du. 
“Ez dago justizia klimatiko posiblerik Gipuzkoan, errauste-planta martxan jarrita. Ez dago justizia klimatiko posiblerik egun indarrean dugun hondakinen kudeaketa eredu honekin. Ezin dugu klima aldaketaz hitz egin, beraz, hondakinen kudeaketaz hitz egin gabe. Eskutik doaz: txanpon beraren bi aldeak dira”. 

Hondakinen kudeaketari dagokionean, atez atekoari esker Usurbilek lortutako %90eko gaikako bilketa ekarri du gogora, baita 2016ko urrian egindako herri galdeketan herri honek erraustegiari emandako ezezko borobila ere. Birziklatzea hautazkoa ez, betebeharra dela gogorarazi du. "Zuriketa berderik" ez egitea eskatu du Usurbilgo alkateak. 

“Hondakinak ondo sailkatzea guztion betebeharra da, eta ondo sailkatutakoak ondo tratatzea, ingurumena eta osasuna lehenetsiz, herri-erakundeon betebeharra da. Utzikeriaz edo zabarkeriaz jokatzea, beraz, ez da inoren eskubidea. Eta, are gutxiago, gure osasuna arriskuan jartzea. Hori bai ez dela zilegi, Markel Olano jauna, are gutxiago, bestelako eredu alternatiboak gara daitezkeenean”. 

Eskandalagarritzat jo du, gipuzkoarrak 35 urteetarako hipotekatu izana, erraustegiaren harira. 
“Uste dut gutxiegi aipatzen den gaia dela: hautatutako finantziazio bideak gipuzkoarroi 35 urtetan behartzen gaitu gure sosen bidez enpresa pribatuak finantzatzera. 35 urteko morrontza ekonomikora behartzen gaituzte, herrietako hondakinen tasak igoaraziz. Eta, gainera, errefusa zamatu ordez, saritu egiten du GHKren tarifa-sistemak. Eskandalu bat!”. 

Albiste honi atxikitako bideoan dituzue Agurtzane Solaberrietaren adierazpenak.