Trukea eta berrerabilera plazaratu ditu Jostailu Erabilien Azokak

Noaua Aldizkaria 2019ko abe. 14a, 12:45

Hitz Aho, Udarregi Ikastolako Guraso Elkarteak azken egunotan Sutegiko erakustaretoan bildutako herritarren jostailu eta jokoak erakusgai jarri ditu goizean, frontoian ospatu den Jostailu Erabilien Azokan. Trukea eta berrerabilera sustatzen dituen ekimenera batu dira hainbat haur eta guraso.

Larunbat goiz honetarako azokarako materiala utzia zutenek, beste norbaitek hitzordu honetara ekarritako jolas, liburu edota aisialdiko ikus-entzunezko produktuekin trukatzeko aukera izan dute. Haur eta guraso ugari erakarri dituen frontoiko azokak, trukea eta denetariko jostailuen berrerabilera sustatzen du.

Erosi, erabili eta bota eskema hautsi eta aipatu moduan, erabili, trukatu eta berrerabiltzera igarotzeko zubi lanak egiten ditu Hitz Ahok antolaturiko ekimenak. Norberak behar ez duen materiala bota ordez, bigarren edo hirugarren "bizitza" bat ematen diete gainerakoek. 

Azoka amaieran postuetan geratu den materiala “Ez itxi begiak” Trintxerpeko elkarte solidariora bideratuko du Hitz Ahok. 

Parte hartzeko gogoz geratu denarentzat, hurrengo ediziora begira gogoan izan, azokarako joko edo jostailurik utzi nahi zuenak zer nolako baldintzak bete behar dituen:
-Jostailuek osorik egon behar dute. Norberari hartzea gustatuko litzaiokeen moduan.
-Bilketa egunetan jasotzen dena musu-truk emango da. Horren truke, nahi izanez gero, txartel bat jasoko du bakoitzak azoka egunean beste jostailuren batengatik aldatzeko.
-Azoka egunean jostailuak trukatzeko, 8 urtetik beherakoek, arduradun batekin parte hartu beharko dute.
-DVD eta antzekoek jatorrizkoak izan beharko dute.
-Piladun jostailuek funtzionatzen dutela erakutsi beharko da.
-Azoka amaieran bertan geratzen direnak “Ez itxi begiak” Elkarteak jasoko ditu.