Alkatearekin solasean

“Interes alderdikoiak baztertu eta herri-interesei begira aritzea ezinbestekoa da"

Noaua Aldizkaria 2019ko abe. 18a, 07:52

Agurtzane Solaberrieta alkateak gidatzen duen udal gobernu taldeak sei hilabete egin ditu agintean. 2020ko udal aurrekontuak bideratu berritan,  pil-pilean diren kontuez galdezka hurbildu gara udaletxera.

Udal gobernu berriak sei hilabete egin ditu agintean. Hautatuak izan zineten askok ez zenuten esperientziarik horrelako karguetan. Nolakoa izan da egokitzapen fasea?

Agurtzane Solaberrieta: Abiadura handian doan tren batera igotzea bezalakoa izan da. Hasi berriak izanagatik ere, trenak ez du geldiunerik, eta, beraz, ezin diozu trenari ihes egiten utzi. Oso intentsoa izaten ari da baina, aldi berean, oso aberasgarria. Ikasbide bat. Bizi-esperientzia berri eta emankorra.

 

Kargu-hartze ekitaldia giro onean joan zen. Lanean hasi ahala, ez dakigu hoztu edo aldatu egin ote diren gauzak. Egunerokotasunean, nolakoak dira alderdi ezberdinen arteko hartuemanak?

Agurtzane Solaberrieta: Zinegotzion arteko harremana ona da, baita alderdien arteko harremana ere, hainbat gaietan desadostasunak izan arren. Ezin du bestela izan. Alkate kargua hartu nuenean esandakoan berresten naiz: herritarrek Udala kudeatzeko ardura berriro ere EHBilduren esku utzi badute ere, Usurbil ez da EHBildu, udalbatzaren osaketak erakusten duen bezala. Gure herria anitza da, sentimendu politikoz anitza.

Eta aniztasun horrek ezinbestekoak egiten ditu ezberdinen arteko akordioak, adostasunak, elkarguneak, aliantzak. Interes alderdikoiak baztertu eta herri-interesei begira aritzea ezinbestekoa da. Bai oposizioarekin, bai herritar guztiekin. Herrigintza, azken batean.

 

Alderdi guztiek Xuaren inguruko mozioan erakutsitako “eskuzabaltasuna txalotu nahi dut”

Udal aurrekontuen inguruan akordiorik lortu ez bada ere, harmonia onean jardun dute lehen sei hilabeteotan.  Denbora labur honetan, “bestelako adostasun batzuk izan ditugu”, alkateak nabarmendu nahi izan duenez. “Bat nabarmendu nahiko nuke: Xua gurasoekin etxera herri-plataformak aurkeztutako mozioa aho batez onartu genuen, eta, alderdi guztien aldetik egon zen ahalegina eta eskuzabaltasuna txalotu nahi dut”.

Aurrera begira “adostasun gehiagotara iristeko gai izango garela espero dut”, aitortu digu alkateak. “Guk bide horretan sakonduko dugu, esan bezala, aliantzak eta adostasunak eraikiz. Usurbil guztiona da, eta guztiontzat izan behar du”.