Xua Gurasoekin Etxera

Xua gurasoekin etxeratzeko aldarria datozen kantu saio eta mobilizazioetan

Noaua Aldizkaria 2019ko abe. 23a, 11:46

Xua gurasoekin etxeratzeko eskari eta aldarriak ez du etenik izango asteotan. Ekimen desberdinak antolatu dira, jada kalean behar zuten Valentziako Picassenteko espetxean diren Xua eta bere guraso Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga askatzeko. Eta urtarrilaren 19an Xuan hiru urte betetzean gurasoengandik bereizia izan ez dadin eskatzeko. Aste honetan bertan, kantu-jira berezia antolatu da abenduaren 24rako eta manifestazioa hilaren 28an Donostian.

Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak, euskal presoen eskubideen alde urtero abenduaren 24an antolatu ohi duen kantu-jira bereziak, inoiz baino presenteago izango du aurten Xua gurasoekin etxeratzea eskatzeko aldarria. Bestetik, Sarek Xua Gurasoekin Etxera herri ekimenarekin batera manifestazioa deitu dute larunbaterako (abenduak 28) Donostian. 

Urtarrilaren 11ko Bilbo eta Baionako mobilizazio nagusien aurretik, urte amaiera honetan Hego Euskal Herriko hiriburuetan deitu dituzten mobilizazioetako bat izango da Gipuzkoako hiriburukoa, motxiladun haurren eskubideak betearazteko aldarri nagusia izango duena. 

Guraso bat edo biak Euskal Herritik urrun espetxean dituzten 105 adin txikiko daude. Sarek 2020a motxiladun haurren auziari aterabidea emateko urtea izan nahi du. Horretarako jalean mobilizatzeko deia egin dute larunbatean Donostian. Baita aurrerago ere. Urtarrilaren 19an Xuak hiru urte beteko dituen egunean, "Motxilak gora!" ekitaldia deitu dute Donostiako Atanon Porrotxekin batera.

Lehenago, Gipuzkoako Batzar Nagusietan Xua gurasoekin etxera ekartzeko gaia jasotzen duen mozioa aztertuko dute urtarrilaren 8ko osoko bilkuran.

DATOZEN DEIALDIAK
Abenduak 24, asteartea
17:00 Mari Domingirekin kantuz herri itzulia frontoitik, preso eta iheslarien eskubideen alde eta Xua Gurasoekin Etxera aldarrikatzeko.
Antolatzailea: Usurbilen Nahi Ditugu.
19:00 Olentzerori ongi etorria Dema plazan.
Antolatzailea: Usurbilen Nahi Ditugu.

Abenduak 28, larunbata
12:00 Xua eta gainerako haur motxiladunen eskubideen aldeko manifestazioa Donostiako Bulebarretik.
Deitzaileak: Sare eta Xua Gurasoekin Etxera.

Abenduak 31, asteartea
20:00 Xua gurasoekin etxera ekartzea eskatzeko, euskal presoen eskubideen aldeko topa Dema plazan.
Deitzailea: Usurbilen Nahi Ditugu.

Urtarrilak 8, asteazkena
9:00 Gipuzkoako Batzar Nagusien hileroko osoko bilkura. Bertan, Xua gurasoekin etxera ekartzeko mozioa aztertuko dute.

Urtarrilak 11, larunbata
15:00etan Baionan eta 17:00etan Bilboko La Casillatik "Orain presoak, atera bidera" manifestazio nazionalak.
Deitzailea: Sare.

Urtarrilak 19, igandea
11:30 Xuak hiru urte beteko dituen egunean, "Gora motxilak!" motxiladun haurren eskubideen aldeko ekitaldia Donostiako Atano pilotalekuan Porrotxekin.
Deitzailea: Sare.

Urtarrilak 24, ostirala
20:00 Euskal presoen eskubideen aldeko eta Xua gurasoekin etxera ekartzea eskatzeko elkarretaratzea Mikel Laboa plazan.
Deitzailea: Usurbilen Nahi Ditugu.