Miriam Arrillagak partida duina jokatu zuen Laboral Kutxa EITB Master Cupeko finalean

Noaua Aldizkaria 2019ko abe. 30a, 10:31

Emakume Master Cup txapelketako protagonista berberak kantxaratu ziren atzoko finalean. Leire Garai arabarra finago aritu zen honakoan, eta 22-16 gailendu zitzaion Miriam Arrillagari.

Leire Garaik eta Iera Agirre-Leire Etxaniz bikoteak irabazi zituzten Berrizen jokatutako Laboral Kutxa EITB Masterreko bi partidak. 

Lau eta erdikoan, Leire Garaik hasiera-hasieratik hartu zuen partidaren ekimena. Ondo mugitu zuen pilota gasteiztar jokalariak. Aginagarrak aldiz, ez zuen bere egunik onena izan. Sakea izan ohi da Miriam Arrillagaren armarik boteretsuenetako bat, baina atzo ez zen nahi bezala aritu eta kosta egin zitzaion kantxan agintzea. Hala ere, lehiatzeko grinak ez zion hutsik egin eta desabantaila bi tantora ere murriztu zuen (15-17). 

Binakakoan, pilota goxoarekin, Leire Etxanizek bere urte bikaina borobildu ahal izan zuen beste garaipen on batekin. Iera Agirrek lagunduta, 22-11 irabazi zieten Olatz Arrizabalaga-Maite Ruiz de Larramendiri hutsek baldintzatutako partida arraro batean.