Haizeagatik abisu horian ostegunean

Noaua Aldizkaria 2020ko urt. 15a, 08:00

Haizeguneetan 100 kilometro orduko haize boladak izan ditzakegu, 50-80 kilometro ordukoak haizeguneak ez diren tokietan.

Haize bolada biziak izan ditugu azken egunotan; ostegunean ere hala izango omen dugu. Horregatik, abisu horia ezarri dute urtarrilaren 16rako, goizaldeko 6:00etan hasi eta 12 orduz, arratsaldeko 18:00ak arte. Euskalmet meteorologia agentziak iragarri duenez, "hego/hego-mendebaldeko haize-boladek haizeguneetan 100 km/h-ko abiadura gaindi dezakete, bereziki mendebaldean dauden mendi inguruetan. Bestalde, haizeguneak ez diren tokietan hego/hego-mendebaldeko haize-boladak 50-80 km/h ingurukoak izan daitezke".

Usurbilen asteazken honetan (hilak 15), "zerua hodeitsu egongo da. Egunaren erdiko orduetan han-hemenka euri txikia egin dezake, probabilitate handiagorekin mendebaldean. Goizaldean eta goizean goiz hego-mendebaldeko haize bizia ibiliko da, bolada gogorrekin. Goizean haizea ahuldu egingo da eta baliteke arratsaldean ipar-osagaiko haize ahul-bizia ibiltzea. Tenperaturan aldaketarik ez edo gutxi igoko da".

Bihar (hilar 16), "zerua tarteka hodeitsu egongo da; arratsaldean hodeiak ugaritu egingo dira eta gauean zerua hodeitsu edo oso hodeitsu geratuko da. Azken orduetan prezipitazio txikia egin dezake. Hego-mendebaldeko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin eta oso gogorrekin, bereziki goizean eta egunaren erdialdeko orduetan. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez edo gutxi igoko dira. Tenperatura maximoak gutxi igoko dira".

Informazio eguneratua hemen: euskalmet.eus