Danbor jole gaztetxoek hartu dute ikastola

Noaua Aldizkaria 2020ko urt. 17a, 16:54

16:00ak pasatxoan eskaini duten danborrada saioarekin Donostiara heltzer den San Sebastian Eguneko ospakizunetarako girotu dira Udarregi Ikastolako HH eta LHko ikasle eta irakasleak.

Uneren batean euria gogotik hasi duen arren, danbor hotsek prezipitazioak uxatu edo, eta emanaldiaren zatirik handiena ateri zela ospatu ahal izan dute. Bi zikloetako ikasle eta irakasleak batu ditu emanaldiak; HH eta LH-koak. Egoki jantzia, zuriz, sukaldarien txapelarekin eta danborra gogotsu jotzeko prest plazaratu dira Agerialdeko patiora.

Emanaldi hau hilaren 19an ospatu izan dute beste urteetan. Aurten ordea, San Sebastian Egunaren bezpera igandearekin egokitu denez ostiral honetara (urtarrilak 17) aurreratu dute saioa. Emanaldiok eskainita, asteburu luzearen atarian dira Udarregi Ikastolakoak. Astelehenean, hilaren 20an jai eguna izango dute.

Ate irekien eguna
Ospakizunon ondotik, 2020-21 ikasturtera begira jarriko da Udarregi Ikastola. Urtarrilaren 27an abiaraziko dute, 3-16 urte arteko ikasle berriak hurrengo ikasturterako aurrematrikulatzeko kanpaina. Izen emate epea ireki aurretik, hilaren 25ean (larunbata) Ate Irekien Eguna antolatu dute, goizeko 10:30etan eraikin berriko jangelan. "Bertan, ikastolaren ezaugarriak eta funtzionamendua azalduko dira eta instalazioetan zehar ibiliko gara, ikastola ezagutzeko asmoz. Zatoz gure ikastola ezagutzera!", luzatu dute gonbita Udarregitik. 

Matrikulazio epea aldiz, urtarrilaren 27tik otsailaren 7ra luzatuko da. Matrikulazioa bideratzeko aurrez hitzordua eskatu behar da, ikastolako 943 361 216 telefono zenbakira deituta. Tramitaziorako honako dokumentazioa aurkeztu beharko da: udaleko bizikidetza-ziurtagiria, haurraren NAN tamainako argazkia, familia-liburua, gurasoen NAN, Gizarte Segurantzako txartela, kontu korronte baten zenbakia (IBAN eta BIC kodeak). Informazio gehiago: udarregi.eus / 943 361 216