Xua Gurasoekin Etxera

3 urte bete dituen Xua zoriondu dute "Motxilak gora!" ikuskizunean

Noaua Aldizkaria 2020ko urt. 19a, 14:23

3 urte bete ditu igande honetan Xuak. Urtebetetze gazi-gozoa, gurasoengandik bereiziko baitute. Goizean Sarek eta Xua Gurasoekin Etxera herri ekimenak Donostiako Atano pilotalekuan antolatu duten "Motxilak gora!" ikuskizunean, "zorionak zuri" abestuz maitasun eta elkartasun osoa helarazi nahi izan diote Xuari, gainerako haur motxiladunen kasuan bezala, bere eta bere gurasoen eskubideak berma daitezela galdegitearekin batera.

Albiste honi atxikitako bideoan duzue 3. urtebetetze eguna duen Xuari "zorionak zuri" abestu dioten une hunkigarria. Emanaldian zehar, eta amaieran ere oso gogoan izan dute haur usurbildarra. Urtebetetze gazi-gozoa izango baitu; Espainiako legediak behartuta, jada aske izan behar zuten arren, oraindik espetxean dituen guraso Olatz Lasagabaster eta Patxi Urangarengandik bereiziko dute Xua. 

Guraso bat edo biak espetxean dituen haur motxiladunean bilakatuko da gaurtik Xua. 18 urtetik beherako 102 haur eta gazteek osaturiko kolektiboko kidean. Gurasoak bisitatzeko 1.200 kilometroko joan etorria egin beharko du aurrerantzean, gugandik 600 kilometrora, Valentziako Picassenteko espetxean urrunduak izango dituen Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga gurasoak bisitatzeko, haiek etxeratu artean. Gaurkoz, Olatzi eta Patxiri 2021. urteko ekainerako diete jarria irteera data.

Berriki, "emakumea bere bakardadean" erreportajea eskaini zuen ETB-ren "Ur Handitan" saioak. Xua eta gurasoen arteko bereizketa une gogorra izango dela azaldu zuen Xuaren amona Mari Karmen Anzak ETB-ren "Ur Handitan" saioan. "Urtarrilaren 20an etorriko gara. Urtarrilaren 19an atera behar du baina igandea denez, bisean biseko bisita bat egin dezakegu eta aita agurtu. 20:00etan amaituko dugu, bertan geratuko gara lotan eta Donostia Egunez etorriko gara hona".

Une gogor honetarako aspaldi hasi zirela prestatzen azaldu zuen Anzak. "Plan bat egin genuen. Haurrak 6 hilabete zituela, egun batzuetan 2 orduz ateratzen hasi zen arratsaldeetan. Pisu bat hartu genuen gero espetxetik gertu umearekin egon ahal izateko. Irteera geroz eta luzeagoak egin ditugu". 

Bidaia luzeak, kezka nagusia
Xua gurasoengandik bereizten badute, hortik aurrera, gehien kezkatzen diotena Anzari, joan etorriak dira. "Nire ardurarik handiena gurasoak bisitatzeko bidaiak nola egin beharko dugun da, bidaia luzea baita, 7-8 ordukoa. Haurrak botaka egin zuen azkenekoz. Kotxean ez zuen sartu nahi, ez zuen aulkian eseri nahi. "Amona askatu!" oihukatzen zuen. Pazientzia handiz, mantso joan beharko dugu", zioen Anzak.

Alaba Olatz zer moduz dagoen galdetzen dio Xabier Madariaga aurkezleak. "Ondo dago, eusten, egunez egun bizitzen. Baina indartsu daude, ondo daude" erantzuten dio Mari Karmenek. 

Bisiten berri ematen zion Xuaren amonak. Hiru astean behin egiten du senideak bisitatu ahal izateko ehunka kilometroko bidaia arriskutsua, hala dabil 2009ko ekainaren 23tik. "Batzuetan hobeto, besteetan okerrago. Joan beharra dago. Bidaiak luzea da, baina orain lehen baino gertuxeago daude".

Olatzentzat gogorrena zer den galdetzen dio aurkezleak. "Gogorrena bikote lagunik gabe egotea, bere senide eta lagunak ezin ikustea. Bere ingurukoekin egoterik ez izatea". "Eta ama gisa?" galdetzen dio Madariagak. "Hemen ez izatea nirekin etxean, gogorra egiten zait". 

Olatzek sarritan aipatzen omen dio amari, "ama egun osoko kafe bat hartu behar dugu". Hitz egiteko asko baitute.

"Olatz urduri da, datorrenarekin"
Mari Karmenekin batera, Xuaren logela izango dena atontzen agertzen da Ainara, Olatzen aspaldiko lagun mina. Espetxean duen lagunaren asteroko telefono deiari erantzuten. "Olatz urduri da, datorrenarekin", aipatu zuen Ainarak "Ur Handitan" saioan. Haien eguneroko bizimoduaren adibide gisa aipatu zuen, ordutegiena. "Ordutegi aldetik oso ordutegi zehatzak dituzte. Umeak gau txarra pasa badu eta goizeko 8:00etan gustura bada lo, esnatu behar duzu 8:30etan jaitsi behar zarelako modulura". 

"Ur Handitan" saioaren "emakumea bere bakardadean" erreportajea osorik, esteka honetan klikatuta ikus dezakezue: https://www.eitb.tv/eu/bideoa/ur-handitan-5-denboraldia/6589/165326/emakumea-bere-bakardadean/