Peoi lanetarako lan-poltsa osatzeko deialdia plazaratu du Garbitaniak

Noaua Aldizkaria 2020ko urt. 22a, 10:31

Garbitania Zero Zabor S.M.-ek peoi lanetarako lan-poltsa deialdia iragarri du, aldi baterako sor daitezkeen beharrei erantzute aldera. Interesdunek urtarrilaren 28ra arteko epea dute izena emateko. Eskaerak aztertu ostean abiatuko da hautagaientzako azterketa aldia.

Garbitaniak iragarri duenez, "oinarrien xedea Garbitania Zero Zabor S.M. peoi balioanitzen aukeratze prozesua arautzea da, sortu dakiokeen behin behineko, aldi baterako beharrak asetzeko lan poltsa eratuko delarik eta hala badagokio, lan postuak horrela eskatuko balu, behin- betiko kontratazioak egitea posible izango da".

Eskaini daitekeen lanaldia Garbitaniak berak zehaztuko du, "lanpostuaren izaeraren eta premien arabera". Hautaketa lehiaketa-oposizio bidez egingo da. Prozesu hau gainditzen duten hautagaiek lortutako puntuazio bidez erabakiko da nortzuk osatuko duten lan-poltsa. Ohartarazi duenez, "lan poltsa hori erabili ahal izango da Garbitania Zero Zabor S.M.k izan litzakeen aldi baterako lan premiak betetzeko, unean uneko lanpostu hutsak betetzeko, aldi baterako programak egiteko, eginkizunen pilaketagatik, behin-behineko beharrak betetzeko eta hala badagokio, lan postuak horrela eskatuko balu, behin-betiko kontratazioak egitea posible izango da".

LAN-POLTSA DEIALDIA 
-Lan-poltsaren izaera: peoi balioanitzen aukeratze prozesua, sor daitezkeen aldi baterako beharrei erantzuteko.
-Hautaketa prozesua: oposizioaldia (60 puntu gehienez), lehiaketaldia (40 puntu gehienez).
-Lanaldia: Garbitaniak zehazturikoa, lanpostuen izaera eta premien arabera.
-Soldata: 27.567,62 € , urteko ordainkizun gordina.
-Eginkizunak: besteak beste, erabilera publikoko eremuen garbiketa kale garbiketarako makinekin; berdeguneetatik hondakinak jaso eta sailkatzea; edukiontzi, hustubide, kanaleta, zuhaitz-txorko eta saretak garbitzea; ekitaldi eta azoketarako eremuen garbiketa; larrialdi egoeretan lagundu; kartelak eta pintadak ezabatu; laneko tresneriaren garbiketa...
-Parte hartzeko baldintzak: 16 urte beteak izatea, eskola-ziurtagiri edo pareko titulazio maila, euskara oinarrizko mailan erabiltzeko gai izatea, B gidabaimena edo baliokidea eta gidatzeko gaitasuna izatea...
-Eskabideak: merituak egiaztatzen dituzten dokumentuak aurkeztu parte-hartzeko eskaerarekin batera, urtarrilaren 28a baino lehen Garbitaniaren bulegoetan 9:00-14:00 artean edo posta bidez ondoko helbidera helarazi: Lastaola Poligonoa 3. A-12 eraikina. 20120 (Hernani).
-Eskaeren eta hautagaien kalifikazioen ebazpenak: eskaerena urtarrilaren 28tik zenbatzen hasita, hurrengo hamabostaldian garbitania.eus atarian. Web orrialde berean gainerako ebazpenen berri.
-Informazio gehiago: garbitania.eus
-Deitzailea: Garbitania Zero Zabor S.M.


2020ko plantilla organikoaren onarpena
Urte berrirako udal aurrekontuekin batera onartu zituzten hasieraz azaroaren 28ko osoko bilkuran, 2020rako udal plantilla organikoa eta lanpostuen zerrenda. Gehiengo osoz EHBilduren aldeko bozkekin. EAJ eta PSE abstenitu ziren. Astearte honetako (urtarrilak 21) Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak berri eman duenez, 15 egunetarako finkaturiko epean ez da erreklamaziorik izan, eta honenbestez, behin betiko onartuak geratu dira.