Urtarrilaren 30eko greba orokorra prestatzeko azken bilera irekia 18:30etan Potxoenean

Noaua Aldizkaria 2020ko urt. 22a, 11:27

Astebete pasatxo baino ez da geratzen, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartan bildutako hamarnaka eragileek, lan, pentsio eta bizi duinen alde urtarrilaren 30erako deitu duten greba orokorrerako. Usurbilen urte amaieran osatu zen herritarren batzordeak, borobiltzeke dituzten prestaketa lanak bideratzeko azken bilera irekia deitu dute asteazken honetarako (urtarrilak 22) 18:30etan Potxoenean.

"Hamaika arrazoi grebarako" aldarripean, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak eragile anitzekin urtarrilaren 30erako bizi, lan eta pentsio duinen alde deitutako greba egunerako astebete baino ez da geratzen. Usurbilen prestaketa lanen azken fasean da, urte amaieran herritar eta eragile ezberdinetako ordezkariekin osatu zen batzordea. 

Azkeneko bilera irekia deitu du asteazken honetarako (urtarrilak 22), 18:30etan Potxoenean. Bertan besteak beste, hilaren 30erako mobilizazio eta deialdien egitaraua osatuko dute. Egun horri begira, herri, eskualde eta Gipuzkoa mailako mobilizazioa deitzen hasiak dira. Usurbilen momentuz, pentsiodunek elkarretaratzea deitu dute. Hilaren 15ean eginiko batzarrean grebarekin bat egin eta aipatu hitzordua antolatzea erabaki zuten.

Ernai Usurbilek bestalde, greba eguna prestatzeko zenbait hitzordu deitu ditu. "Gazte kedadak" deitu ditu urtarrilaren 23 eta 28rako goizeko 10:30etan. "Urtarrilaren 30eko greba orokorraren harira, Usurbilgo gazteak antolatzeko beharra dugu! Horren ondorioz, ostegunetan greba prestatzeko gazte kedadak egingo ditugu! Usurbilgo gazteak ere lan, pentsio eta bizitza duinen alde borrokatuko dugu! Animatu eta zabaldu!".

Bideo atxikimenduak
Greba deialdiari atxikimendua adieraztera animatzen dute deitzaileek. Lagun, lankide edo herritarren artean bildu eta greba egiteko deia jasotzen duen bideo labur bat grabatuz. "Eman arrazoi batzuk greba egiteko, bidali elkartasun mezu bat edota egin zerbait originala". Gero bideoa sare sozialen bidez partekatzea eskatzen dute, #GuEreGrebaOrokorra traola txertatuta eta norbere herri, ikastetxe edo lantokia aipatuta.

GREBA OROKORRARI LOTUTAKO DEIALDIAK
Urtarrilak 22, asteazkena
18:30
Greba orokorra prestatzeko azken bilera irekia Potxoenean.

Urtarrilak 23, 28
10:30 
Greba orokorra prestatzeko “gazte kedadak”.
Deitzailea: Ernai Usurbil.

Urtarrilak 30, osteguna
Greba orokorra
11:00
Pentsiodunek deitutako elkarretaratzea udaletxe atariaan.
12:00 Gipuzkoa mailako manifestazioa Donostiako Artzai Onaren Katedraletik.
19:00 Eskualde mailako manifestazioa Hernanin.
Oharra: behin behineko deialdien egitaraua. Zehaztasun gehiago egunotan.