MATRIKULAZIO GARAIA

Udarregi ikastola: “Jendartean sortzen diren beharrei erantzun nahi diegu”

Matrikulazio garaia iritsi da ikastetxeetara. Mariaje Imazek Udarregi ikastolako eskaintza azaldu digu.

NOAUA! Matrikulazio kanpaina abian da. Zein da Udarregi ikastolak Usurbilgo umeei eta gurasoei egiten dien eskaintza?

Mariaje Imaz, Udarregi ikastolako zuzendaria: Matrikulazio kanpaina guztietan bezala, helburua da gure hezkuntza-proiektuaren berri ematea. Azken urte hauetan indarrean ipini ditugun egitasmo garrantzitsuenak azaldu nahi ditugu. Gizartea aldatzen doan heinean, ikastolak ere garai berrietara egokitzen joan behar du, jendartean eta familietan dauden hezkuntza-eskakizunei erantzun ahal izateko.

Gure proiektua eraldatzen eta sendotzen jarraitzen dugu etengabe. Azken urteotan, beste ikastolekin batera partekatzen dugun Konfiantzaren Pedagogia egitasmoaren ikuspegiak garrantzia handia hartu du. Ikaslea erdigunean jarri eta ikaslearen behar guztiei erantzuteko oinarrizkoak diren konpetentziak  garatzen laguntzen diogu. Konpetentziatan oinarritutako hezkuntzari garrantzia handia ematen diogu. Honi lotuta, lanketa sakon bat egin genuen iaz. Hau zen abiapuntua: Zer nolako pertsonak hezi nahi ditugu ikastolan? 16 urterekin Udarregitik ateratzen direnean, nolako ikasleak irudikatzen ditugu? Balizko ikasle horren profila osatzeko garaian, ezaugarri hauek nabarmendu ziren: sortzailea, euskaldun eleanitza, euskaldun konprometitua, kritikoa, feminista, autonomoa, inklusiboa, naturarekin konprometitua, ekintzailea, jokabide etiko duna eta bere burua zaintzen jakingo duena. Hamaika ezaugarri horien inguruan osatzen ari gara gure hezkuntza eskaintza osoa.

 

Hitz gutxitan, hori da Udarregi ikastolaren bide-orria, ezta?

Ikastolaren jardun osoa horretara zuzendua dago, eta ikuspegi hori kontuan harturik, aldaketak txertatzen ari gara. Daukagunetik eta daukagun hori eraldatuz, gure hezkuntza proiektua aberastuko dugu. Adibidez, espazioak egokitzen ari gara, barrukoak eta kanpokoak. Gelako espazioa beste modu batean ulertzen dugu eta zirkulazio librerako aukera jorratzen ari gara oraintsu.

Bestetik, kanpo espazioaren kontzepzioari beste zentzu bat ematen diogu, eta ikastolaren Hezkuntza-Proiektuari lotutako esku-hartze ezberdinak proposatzen ari gara. Patioa eta frontoia estaltzeko lanean jarraitzen dugu eta laster batean gauzatuko da estaltzearen aspaldiko asmoa; aldiz, ez gara horretara mugatuko, eta lantalde bat sortu dugu, kanpo espazioaren berrantolaketa-proposamena lantzeko.

 

Gizartea aldatzen doan heinean, eskaintza ere egokitu egin behar da, ezta?

Ikastola guztietan bide hori hartu dugu. Bakoitzak duen errealitatetik ari gara lanketa egiten. Gu, hezkuntza eredu propio horretarantz goaz, aipatu berri ditugun ildo horiek jarraituz. Zentzu horretan, eraldaketa didaktikoa, metodologikoa eta teknologikoa etengabea da. Jendartean sortzen diren beharrei erantzun nahi diegu. Ez dugu ikastola isolatu bat nahi. Herrian eta jendartean ematen diren egoera anitzei erantzun ahal izateko. Inklusiboa ere bada gure eredua; erritmo, aniztasun eta behar espezifiko guztietara irekita.

Euskalduntasuna, funtsezkoa da ikastoletako ereduan eta euskaldun konprometituak hezi nahi ditugu. Euskaran ardaztutako proiektu eleanitza garatzen dugu. Ingelesa lau urtetik aurrera hasten dira ikasten, frantsesa hautazko gaia da DBH-n. Honekin batera, Euskal Herriko kulturan eta ekintzetan murgilduta dago ikastolaren proiektua.

KiVa ikastola ere bagara. Eskola jazarpenari aurre egiteko proiektua da KiVa eta emaitza oso onak eman ditu orain arte gurean. Tratu desegokiei aurre egiteko, ikasleei baliabideak eskaintzen zaizkie unitate didaktiko ezberdinen bitartez. Ikaslearen inplikazioa handia da. KIVa martxan jarri genuenetik elkarbizitza hobetu da.

 

“Ilusio osoarekin ekiten diogu eguneroko lanari”

NOAUA! Udarregira lehen aldiz hurbildu behar duten gurasoei zer aholkatuko zenieke?

Mariaje Imaz: Hemen ateak irekita dauzkagu beti. Esango nieke gugana hurbiltzeko konfiantza guztiarekin. Guk gure ikastola estimu handian dugu, eta iruditzen zait oso lan interesgarri eta ona egiten ari garela berrikuntza pedagogikoaren eremuan. Zentzu honetan, ziur gaude, Usurbilgo Udarregi ikastolak egiten duen hezkuntza-eskaintzak, familiek beren txikienentzat nahi dutena bezain osatua eta kalitatezkoa eskaintzen duela, eta irudikatu dezaketen eredu onenaren pare aurkituko dutela.

Lehen aldiz hurbiltzen diren gurasoak ilusio handiarekin gerturatzen dira, beren seme-alabentzat eskolarik onena emateko, eta modu arduratsuan bizi dute garai hau. Esango nieke euren txikiak konfiantza osoarekin ekar ditzaketela hona. Oso ondo artatuak izango direlako, giro adeitsuan eta maitekorrean.

Gustuko dugu gure lana eta konfiantza eta ilusio osoarekin ekiten diogu eguneroko lanari. Euskal Herrian zehar, han-hemenka, dauden beste ikastolekin partekatzen dugun hezkuntza eredua elkarrekin lantzen dugu eta elkar laguntzen diogu. Familia handia gara, are eta handiagoa, ikastolan konfiantza jartzen duten eta hurbiltzen diren familiekin!

 

Informazio gehiago:

943 361 216

usurbil@ikastola.eus

www.udarregi.eus

Erlazionatuak

Mariaje Imaz: “Hitz-Ahok sekulako lana egin du urteotan”

Usurbil

Matrikulazio garaia iritsi da ikastetxeetara. Mariaje Imaz Udarregi ikastolako zuzendaria da eta matrikulazio garaiari buruzko xehetasunak esk...
Mariaje Imaz: “Helburua da pertsona konpetenteak eta sendoak heztea”

Usurbil

Ikastolako espazioak berrikusi eta Haur Eskolaren kontratua berritu. Horiek dira etorkizun hurbilean Udarregik dituen erronka nagusiak.