Wifi irekia egongo da aurrerantzean Sutegin, Potxoenean eta Gizarte Zerbitzuetan

Noaua Aldizkaria 2020ko urt. 28a, 17:13

Wifi irekia jarri dute Sutegin, Potxoenean, udaletxean eta gizarte zerbitzuetan. Neurri berriak herritar guztiek interneterako sarbidea izatea ahalbidetuko du. Sutegi eta Potxoeneako erabiltzaileek askotan eskatu izan dute; bilerak edo lanak egiteko ezinbesteko baliabidea da.

Udalak administrazio elektronikoaren bideari heldu dio, eta wifia beharrezko bihurtu da egunerokoan: “Zinegotzi liberatuoi eta komunikazio arduradunari ordenagailu eramangarriak eskuratu zaizkie: horrela, papera murriztu eta lanaren eraginkortasuna hobetzea izan da helburua”, azaldu du Beñat Larrañaga zinegotziak. Arrakala elektronikoa murrizteko neurria ere izango da: “Baliabide hori etxean eduki ezin dutenei espazio publikoetan lan-tresna gisa eskaini nahi zaie, bai Sutegin ikasteko edo lanerako behar dutenentzako, bai Potxoenean bilerak edo bestelakoak egin behar dituztenentzako”, esan du zinegotziak.

Bi sare mota daude leku bakoitzean: irekia, edonork eskuragarri izango duena gonbidatua izenarekin; eta itxia, udal-langileentzat gordetakoa. Irekian pasahitza jarri behar da: argibideak jarrita daude, eta bertako langileei galdetuta ere eskura daiteke. Orain arte, kable bidezko sarbidea eskaini izan da Sutegin, eta wifia jarri badute ere, kable bidezko sistemak bere horretan jarraituko du. Larrañagak azaldu duenez, datuen erabilerak muga bat izango du, giga batekoa erabiltzaile/eguneko. “Lan-tresna bezala ulertzen dugunez, kopuru hori nahikoa dela aurreikusi dugu; deskarga handiak edo masiboak egitea saihestu nahi dugu modu horretara”, azaldu du zinegotziak. Proba fase bat ireki dute: erabiltzaileek arazorik antzemango balute, gaia berraztertzeko aukera dagoela nabarmendu du Larrañagak.

Potxoeneako wifiaren erabilera ere antzekoa izango da. Datuen muga berbera izango da, baina ez da etengabe piztuta egongo. Potxoenean, bilerak daudenean jarriko da martxan wifia, baina bestela itzalita egongo da: “Sotoko aretoan dago, eta beharrezkoa denean bakarrik jarriko da martxan; gizarte zerbitzuetan ere, berdin”, azpimarratu du Larrañagak.