2019-23 urte arterako Legealdiko Programa, Sutegiko erakusleihoko sortze lanean islatua

Noaua Aldizkaria 2020ko ots. 1a, 12:40

Udal gobernu taldea 2019-23 Legealdiko Programa aurkezten ari zen artean, ekitalditik jasotzen ari zenarekin sortze lan prozesu betean aritu zen Goretti Aranburu Epelde. Sutegiko erakusleihoan duzue emaitza.

Sortzaileak berak eman zuen aditzera kultur etxeko erakusleihoan egin zuen margolanaren nondik norakoen berri. Hiru ideia nabarmendu zituen; batetik, "berdin du nola baina eskuak zikintzearena oso garrantzitsua iruditzen zait". Bestetik, freskotasunaren ideia. "Fresko mantentzearen gogoeta hori, askotan pentsamendu batzuetan gera gaitezke eta freskotasun hori mantentzearen nahia adierazi nahi izan dut mugimenduarekin".

Azken ideia, koloreen arteko elkarrizketa. "Kolore batek besteari entzun behar dio beti zer esaten ari den, zerbait orokorra sortzeko. Bada zerbait garrantzitsua batak besteari entzuteko gaitasuna izatea", gogorarazi zien Gorettik 2019-23 urte arterako Legealdiko Programaren aurkezpen ekitaldira joandakoei.