Izatez hauteskunde urtea genuen 2020. urtea, baina ez genekien zehazki noiz izango zen bozketarako eguna. Lau urteko legealdia udazkenean amaitzekoa zen arren, azken egunotan EAE-ko hauteskundeak aurreratuko zirela, zurrumurru hori bolo-bolo zebilen hedabideetan. Zurrumurrua Iñigo Urkullu lehendakariak baieztatu du astelehen bazkaloste honetan sailburuekin batera egin duen ezohiko agerraldian.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak apirilaren 5era aurreratzea erabaki du, 2016an abiaturiko lau urteko legealdia amaitzeko 6 hilabete falta direla. Apirileko lehen igandea honenbestez, bozketarako eguna izango dugu Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako udalerrietan. Honenbestez baita Usurbilen ere. Otsailak 10 izanik, legeak betearaztea eskatzen duen epea kontuan izanda, hauteskundeak deitu zitzakeen lehen iganderako deitu ditu. Astelehen honetan egin du Lehendakariak hauteskundeetarako iragarpena eta deialdi honen Eusko Legebiltzarra desegiteko dekretua, astearte honetan (hilak 11), Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak emango du argitara.