Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak 2020

Apirilaren 5eko hauteskundeei begirako egutegia prest

Iñigo Urkullu lehendakariaren atzoko agerraldiaren ondotik, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak apirilaren 5eko hauteskundeak iragartzen dituen dekretua argitara eman du. Eusko Legebiltzarra berritzeko bozketa egun horri begirako egutegia prest dute.

Orain bai, ofizialki hauteskunde giro betean gara berriz. Lehendakaritzak dekretu bidez iragarri du Eusko Legebiltzarraren desegitea eta apirilaren 5ean bozka ematera deitu ditu Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritarrak. "Jaurlaritzaren ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 7.c) eta 50. artikuluek Lehendakariari ematen dioten ahalmenaz baliatuz, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2020ko otsailaren 4an egindako bilkuran aztertu ostean, Eusko Legebiltzarra desegitea eta hauteskundeetarako deia egitea ebatzi dut", dio astearte honetako, otsailaren 11ko, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak (EHAA). 

Dekretu honen bidez, aipatu moduan, Eusko Legebiltzarra desegin eta hauteskundeak apirilaren 5era aurreratzea erabaki du Iñigo Urkullu lehendakariak. 2016an abiaturiko lau urteko legealdia amaitzeko sei hilabete falta direnean, "desegin egiten da 2016ko irailaren 25ean aukeratutako Eusko Legebiltzarra", dio aipatu aldizkariak. 

Gipuzkoak 25 legebiltzarkide
Apirilaren 5ean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritarrek guztira 75 legebiltzarkide hautatuko dituzte. Alegia, herrialde bakoitzak 25na ordezkari izango ditu Eusko Legebiltzar berrian. Gipuzkoarrok honenbestez, ordezkarion herena hautatuko dugu. "Euskal Autonomia Estatutuaren 26. artikuluan eta ekainaren 15eko 5/1990 Legearen 10. artikuluan ezarritakoarekin bat, hauteskunde barruti bakoitzeko, 25 legebiltzarkide aukeratuko dira", dio EHAA-k.

Hauteskunde kanpainaren hasiera, iraupena eta amaiera ere finkatzen ditu Lehendakaritzaren dekretuak. "Ekainaren 15eko 5/1990 Legearen 68.2 artikuluan ezarritakoarekin bat, hamabost egun iraungo du hauteskunde-kanpainak. Martxoaren 20ko 00:00etan hasiko da eta apirilaren 3ko 24:00etan amaituko da".

APIRILAREN 5EKO HAUTESKUNDEEI BEGIRAKO EGUTEGIA
-Otsailak 11: Eusko Legebiltzarra desegin eta hauteskundeak deitzeko dekretua argitaratu du Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak.
-Otsailak 11-martxoak 26: posta bidez bozkatzeko prozesua (atzerrian bizi direnek martxoaren 7ra arte).
-Otsailak 26-martxoak 2: hautagai zerrenden aurkezpena hauteskunde batzordeetan.
-Martxoak 7-11: hauteslekuetako mahaiak osatzeko kideen zozketak.
-Martxoak 10: hautagai zerrenden argitaratzea.
-Martxoak 20-apirilak 3: hauteskunde kanpaina.
-Apirilak 4: hausnarketa eguna.
-Apirilak 5: hauteskunde eguna.