Koronabirusa

Jarraitu beharreko aholkuak

Noaua Aldizkaria 2020ko mar. 12a, 12:11

Hainbat departamenturen arteko Prebentzio Mahaia osatu da Usurbilen. Osakidetzaren aholkuak jarraitu ahal izateko baliabideak lortzeko lanean ari da Udala eta, era berean, erantzukizunez jokatzeko eskatu die herritarrei.

Udalak prentsa-ohar bidez jakinarazi duenez, "Prebentzio Mahaia osatu dugu, hainbat departamendutako arduradunak elkartuta". Lasaitasunerako deia egin dute: gaur-gaurko beharra prebentzioa sustatzea dela ebatzi dute. Hori dela eta, Udalak dei egin die herritarrei "Osakidetzak higienerako emandako aholkuei jarraitzera, erantzukizunez jokatzera, eta, horrez gain, irizpide horiek bete ahal izateko baliabideak prestatzeko lanean ari da".

Bost dira norbanakoen garbitasunerako eman dituzten gomendioak:

1. Eskuak maiz garbitzea.

2. Eztula edo doministikua egitean ahoa eta sudurra ukondoarekin edo paperezko mukizapi batekin estaltzea.

3. Eztulka edo doministikuka ari direnengandik eta sukarra dutenengandik metro bateko tartea mantentzea.

4. Begiak, sudurra edo ahoa ez ukitzea.

5. Azkenik, eskuekin ukitzen diren gainazalen garbiketa areagotzea.

 

Eskuak garbitzeko baliabideak udal eraikinetan

Hori dela eta, udal-eraikinetan sartu bezain pronto eskuak garbitzeko baliabideak jartzea eta garbiketa areagotzea aurreikusi ditu Udalak. Dagoeneko eskuak garbitzeko xaboi likidoa ipini du udal eraikinen sarreretan.

 

Xehetasun gehiago, Osakidetzan

Osakidetzaren webgunean eskura daiteke informazio guztia. Arrisku eremuren batera bidaiatu eta sintomaren bat antzematen dutenei etxean gelditu eta telefonoz kontsulta egiteko eskatu diete, 900 20 30 50 telefonora deituta. Eusko Jaurlaritzak ere birusaren inguruan sor daitezkeen zalantzak argitzeko webgunea jarri du martxan.

Udalaz gaindiko erakundeek ezarritako irizpide berberak jarraituko ditu Usurbilgo Udalak. Kasuren bat agertuko balitz, kasuaren araberako neurriak hartu beharko lirateke, baina oraindik ez da halakorik gertatu. Dena den, hala izaten jarrai dezan, jarritako baliabideak erabiltzera eta erantzukizunez jokatzera deitu ditu herritarrak.

 

Bilera erretiratuekin eta herriko eragileekin

Bihar-etzi bilera bana egingo du udalak erretiratuekin eta herriko eragileekin, irizpide horiek bete daitezen neurriak nola hartu adostu eta zalantzak uxatzeko.

 

Argazkia: Udala. Kartela: Osakidetza.