Koronabirusa

Kaffa kafetegia: "Ogia ez da faltako"

Noaua Aldizkaria 2020ko mar. 14a, 13:59

"Inor ez zela ibiliko uste genuen, baina jendea etortzen ari da”. Normalean baino lan gutxiago izan dute gaur goizean, "baina panorama ikusita, igual gehiegi". Ogia normal ari dira saltzen, beti bezala. "Datozen egunetan ogia ez da faltako. Hemen ez bada, aldameneko beste lekuren batean egongo da”.

Eguerdiko 12:30ak aldera pasa gara Kaffatik. Harritu gaituen lehen gauza: jende adindu ugari terrazan eta kafetegi barruan. Arrisku egoeran den kolektiboa, hain zuzen. Eurek baino kezkatuago ote gaude akaso gazteagoak? “Hala da”, adierazi digute Kaffako nagusiek.

Egun arraroak dira hauek, baita ostalarientzat ere. Hornidurari dagokionez, arazorik ez dute izan Kaffan. “Ogia normal ari gara saltzen. Eta ez da faltako. Hemen ez bada, aldameneko beste lekuren batean egongo da”. Dena den, gauzak dauden bezala egonik, ixteko tentaziorik izan dute. “Burutik pasa zaigu ixtea. Ez da beldurra kontua. Batzuk itxita (ikastetxeak adibidez), besteok zabalik, birusaren haria ez da etengo horrela”.

 

"Erabaki baten zain gaude"

Jendeak ez dio kafetegira joateari utzi eta lanean ari diren arren, zalantza horrekin jarraitzen dute. Itxi edo ez itxi. “Erabaki baten zain gaude. Guk gure borondatez ixtea daukagu baina guk itxi eta beste ostatuek irekita jarraitzen badute, ez dugu ezer egiten. Arazoak hor jarraituko du”. Denbora kontua da. Hori bai, “behin itxi ezkero, ez dugu irekiko. Egoerari berriro buelta eman arte”.