Sortuz, bakardadea isolatuz

Sormenaren leihoa zabalduko dute herriko artixtek, bakardadea isolatzeko

Noaua Aldizkaria 2020ko mar. 23a, 12:45

Bizi dugun itxialdia atseginagoa eta eraikitzaileagoa suertatzeko "Sortuz, bakardadea isolatuz" herri ekimena abiarazi dute Herriko Artixtek. Bi ildo ditu dinamika berriak, sortzaileen ekoizpenari aterabidea emango dioten zuzeneko emanaldiak eskaintzea eta norberak bere etxean sortutakoa partekatzea. Lerrootan duzue Herriko Artixtek plazaratu duten oharra. Herri ekimen honetan parte hartu nahi dutenentzako izen ematea zabaldu dute.

USURBILGO ARTIXTEN OHARRA

Kaixo usurbildarrok! Etxean egotera behartu gaituzten honetan, "Sortuz, bakardadea isolatuz" herri ekimena martxan jarri dugu. Sorkuntzak sareratzearekin, itxialdian deserosoak eta nekagarriak izan daitezkeen egun motel hauek modu atseginago eta eraikitzaileago batean igarotzeko helburuarekin batetik, eta sortzaileon produkzio emariari aterabide bat emateko bestetik, hauexek dira martxan ipini nahi ditugun dinamikaren ezaugarriak:

1-Zuzeneko emanaldien antolakuntza (Instagram eta Facebook sare sozialetako Direct/Zuzenean aukeraren bitartez) kontzertuak, solasaldiak, tailerrak, ikastaroak...

2-Denetariko bideo eta argazkien saretzea. Etxean burutu duzuen edozein sorkuntza elkarbanatzea, alegia: esketx, bertso sorta, txiste, bideoklip...

Hau guztiak ikusteko, jarraitu zure perfilak Facebook ("Herriko Artixtak" orria) eta Instagramen (@sortuzbakardadeaisolatuz). Kontu hauen zabalpenaren garrantzia azpimarratu nahi dugu.

Beraz, ekimen honetan parte hartzeko gonbidapena luzatzen dizugu. Zuzeneko bat burutu nahi baduzu idatz iezaguzu aipaturiko plataformetara edo idatzi email bat usurbilgoartixtak@gmail.com helbidera. Bestetik, ikus-entzunezko euskarririk sortu baduzu, helaraziguzu bide berberak erabiliz. 

 

Ekitaldi guztiak arratsaldeko 19:00etan izango dira.