Koronabirusa

Agurtzane Solaberrieta alkatea: "Txarrenari onena ateratzen ari gara"

Noaua Aldizkaria 2020ko mar. 25a, 11:08

Koronabirusaren hedapena eragozteko, berriki jakin dugu beste hamabost egunez luzatuko dela gaur zortzi ezarritako larrialdi egoera. Latza da gertatzen ari dena, krudela ere bai kasu askotan.

Horregatik, nire lehen esker hitzak eta nire miresmena azaldu nahi dizkiet osasun arloan, gau eta egun, dena ematen ari diren mediku, erizain, zeladore, garbitzaile eta, oro har, langile guztiei.

Doakie miresmen bera isolatuta dituzten gure aiton-amonen zaintzaz arduratzen ari direnei, baita euren senideei ere, egoera zail hauetan, haien alboan egoterik ez dutelako.

Herriko merkatariei, herritarrek erosketak modu seguruan egin ditzaten egiten ari diren esfortzuarengatik.

Isolamendu egoera honetan euren erasotzailearekin bizitzera behartuta dauden emakumeei: udalak baliabide propioak bideratu ditu, etxetik ateratzeko beharra dutenentzat hainbat etxe egokitu ditugu. Deitu Udalera.

Udal langileei, eta bereziki, Gizarte Zerbitzuen alorreko langileei, garbitzaileei, udaltzainei, brigadari, hondakin biltzaileei eta abar luze bat.

Nola ez, nire miresmena Herritarren Babes Sarean parte hartzen ari zaretenei. Gure herriko aiton-amonak edo gaixorik edo isolamenduan dauden herrikideak babesteko eta laguntzeko erakutsitako jarrera eredugarriarengatik. Une honetan, 130 boluntario daude sarean: ez da gutxi.

Gogoan ditut ere lanpostua galdu duten herritarrak edo bihar lanera joatera behartuta daudenak. Ulertezina eta sinestezina egiten zait nola ez den erabakirik hartu oraindik norabide horretan, birusaren hedapena eragozteko neurririk eraginkorrena izanik. Entzun ditzagun beste herrialdeetatik datozen aholkuak, eta baztertu dezagun kapitala krisi honen erdigunetik!

Oro har, herritar guztiei, miresmena adierazi nahi dizuet, etxean geratzeko aginduaren aurrean erakusten ari zareten jarrerarengatik: izan adineko, gazte edo haur. Gainera, irudimena landuz, txalogarria da, egunero, gure balkoietatik, edota sare sozialetatik abiatu dituzuen ekimenak elkar animatzeko, zaintzeko eta elkar maitatzeko. Bejondeizuela!

“Dei egin nahi diet adinekoei ez ateratzera: horretarako antolatu da herritarren sare zabala, zuen beharrak asetu eta erosketetan laguntzeko”

Usurbilen, zorionez, oraindik oso murritza da koronabirusak izan duen eragina. Hala ere, ezin dugu erlaxatu. Osasun agintariek diote okerrena etortzeke dagoela, eta, beraz, etxean geratzeko gomendio guztiak zorrotz betetzea dagokigu. Zentzuz egin erosketak gure herriko saltokietan, ilararik sor ez dadin: ez atera kalera behar-beharrezkoa ez bada. Eta batez ere, dei egin nahi diet adinekoei ez ateratzera: horretarako antolatu da herritarren sare zabala, zuen beharrak asetu eta erosketetan laguntzeko. 130 boluntario daude zuei laguntzeko: balia ezazue aukera hau.

Gainerakoan, udalean kolektibo zaurgarrienengan jarri dugu begirada, guztion oinarrizko behar sozialak bermatzeko. Norabide horretan, hainbat neurri hartu ditugu:

1) Dirulaguntza lerro berezi bat jarri dugu martxan, herritarren oinarrizko elikadura bermatzeko.

2) Isolamendu egoeran adinekoek bizi duten bakardadea zertxobait arintzeko asmoz, deiak egingo dizkiegu bakarrik bizi diren 65 urtetik gorako herritarrei, zer moduz dauden galdetu, euren beharrak jaso, eta solasalditxo atsegin bat izateko.

3) Indarkeria sexista pairatzen ari diren emakumeentzat eta euren etxetik irteteko beharra dutenentzat bi etxe egokitu ditugu.

4) Udal tasen eta zergen ordainketa epea luzatu dugu eta, halaber, herritarrei ez zaizkie hainbat zerbitzu kobratuko, kiroldegia edota haur eskola, kasu. Ordainketa hauetan guztietan malgutasunez jokatuko du udalak.

5) Hondakin bilketa berezia jarri dugu martxan, eta gaixorik edota berrogeialdian dauden familiei modu berezian bilduko zaizkie hondakinak.

Txarrenari onena ateratzen ari gara. Ziur nago egoera hau guztiontzat ikasbide bat izango dela: erantzukidetasuna, elkartasuna, elkarzaintza… Nagusitu daitezen gisako balioak ororen gainetik. Balio dezala honek guztiak gure komunitateari, gure herriari, Euskal Herriari, munduari, betaurreko morez begiratu eta beste mundu bat eraikitzeko.

Animo, zaindu eta besarkadak!