Sortuz, bakardadea isolatuz

Antton Aranburuk gitarra klase bat eskainiko du gaur sare sozialen bitartez

Noaua Aldizkaria 2020ko api. 1a, 08:47
"Bukaeran kantu zoragarri bat joko dugu elkarrekin".

Mihise taldearekin disko bat argitaratzear da. Hala ere, bere kanta propioak jo ordez, gitarra klase bat eskainiko du. "Lau akorde ikasi" eta horiek nola erabili azalduko du, "kantuak ateratzeko edota kantu berriak sortzeko". Hitzordua gaur izango da, arratsaldeko 19:00etan. Usurbilgo Artixten sare sozialetan jarrai dezakezue zuzeneko birtuala.

NOAUA! Nolakoa izango da eskainiko duzun kontzertua? Zerbait aurreratzerik?

Antton Aranburu. Gitarra klase txiki bat izango da. Lau akorde ikasi eta horiek nola erabili belarriz, kantuak ateratzeko edota kantu berriak sortzeko. Bukaeran elkarrekin kantu zoragarri bat jotzen bukatuz.

 

NOAUA! Konfinamendua goxatzeko xedez abiatu da ekimena. Eta zuk, nola daramazu egoera hau? 

Antton Aranburu. Ondo daramat, goizetan etxetik klaseak ematen ditut (irakaslea naiz DBHn) eta arratsaldetan badut nahikoa zeregin. Tartean disko berri bat prestatzen gabiltza Mihise taldearekin. Batzuetan orduak falta egunaren bukaeran!

 

NOAUA! Labur bada ere, zer da konfinamendutik okerren daramazuna? Eta alde onik ikusi badiozu, zein nabarmenduko zenuke?

Antton Aranburu. Kontaktu humanoa. Whatsappak eta bideo-deiek ezingo dute inoiz aurrez aurreko kontatu hori ordezkatu.

Alde onak ere baditu, bat-batean etxeko labea eta leihoak garbiak azaldu dira. Eta ilusio handiz tronpeta ikasten hasi naiz. Nahiz eta hori bizilagunentzat ez den oso ona...

 

NOAUA! Sortzeko denbora gehiago dago, berez. Dagoeneko kantaren bat sortzeko aukera izan al duzu?

Antton Aranburu. Esan bezala, Mihiseren diskoa bukatu nahian harrapatu gaitu konfinamenduak eta diseinurako gauzez gain, detailetxoren bat sartzeko aprobetxatzen gabiltza. Instrumentu berriren bat edo... edo tronpeta akaso! Ea zer ateratzen den.

 

 

Zuzenekoak, sare sozialetan ikusgai

Emanaldia sare sozial hauen bitartez jarraitu dezakezue:  Facebook-en, Usurbilgo artixtak orrialdean eta Instagramen @sortuzbakardadeaisolatuz helbidean.

 

Nola parte hartu?

Ekimen honetan parte hartu nahi duen orok ateak zabalik ditu. "Zuzeneko bat burutu nahi baduzu idatz iezaguzu aipaturiko plataformetara edo idatzi email bat artixtak@gmail.com helbidera. Bestetik, ikus-entzunezko euskarririk sortu baduzu, helaraziguzu bide berbera erabiliz".