Elhuyarren eskutik

Covid19aren fenomenoari buruzko xehetasunak, Elhuyarren eskutik

Noaua Aldizkaria 2020ko mar. 30a, 09:00

Elhuyar Zientziako lantaldeak koronabirusaren nondik norakoak aztertu ditu. Ikerlanaren emaitza ikusentzunezko pieza labur batzuen bidez zabalduko dute. Euskarazko 30 hedabide baino gehiagotan ere hedatuko da, tartean, NOAUA!ren agerkarietan. 

Elhuyar Zientziako lantaldeak koronabirusaren inguruko argibideak emateko bederatzi bideo-pilulako sorta bat prestatu du, gaur hasi eta egunero-egunero argitaratuko dena. "Lehen atal honetan, birusaren jatorriaz hitz egingo dugu. Saguzarretatik pasa da gizakietara, eta beste koronabirus batzuekin antza du COVID-19 honek".

Ana Galarraga Aiestaran Elhuyarreko kideak minutu bateko bideoetan hainbat gai landuko ditu, hala nola, birusaren jatorria, komunitate zientifikoaren ahalegina, adinaren araberako eragina, emakumeak zaurgarriago izatea, edota tratamenduen inguruan.

Elhuyarren sare sozialetan eta zientzia.eus atarian zabalduko da edukia, eta horrezaz gain, euskarazko 30 hedabide baino gehiagotan ere hedatuko da edukia, webgune, telebista eta irrati-emisioen bidez. Baita NOAUA!ren agerkarietan ere. 

Koronabirusak sortu duen egoera berezi honetan, herritarrei euskarazko informazio irizpidedun eta kalitatezkoa ematea ezinbestekoa da Elhuyarren ustez, "eta lan horrek hedadura handiagoa izan dezan, euskarazko komunikabideekin elkarlana sendotzeko abagunea aprobetxatu nahi izan dugu, eduki hori guztion eskura jarriz".

Erlazionatuak

Saguzarretatik gizakietara

Noaua Aldizkaria 2020 mar 30 Usurbil