Puntapax zubitik Kalezarrerako bidea itxita izango da hilabetez

Noaua Aldizkaria 2020ko api. 30a, 09:27

Ugartondon eraikitzen ari diren etxebizitzen eremuan lanean jarraitzen dute. Orain arte semaforo batek gidatu du ibilgailuen joan etorria. Puntapax kaletik Haur Eskolara igotzeko nahiz Pikaola aldetik Puntapax aldera jaisteko bideaz ari gara. Udalak ohartarazi duenez, aipatu pasabide hau hilabetez itxita egongo da obrengatik.

Neurri honek ibilgailuen joan etorria aldaraziko du. "Troiako aldapatik eta Belmonte kaletik bideratuko da trafikoa, bi norabideetan. Bandoa jarriko dute datozen egunetan auzoko etxebizitzetan, auzotarrak jakinaren gainean egon daitezen".

Obra publikoak berriz martxan
Espainiako Gobernuak martxoa amaieratik udaberriko oporraldia igaro arteko hamabostaldian ezarritako debekuaren ostean, berriz ere lanera itzuli ziren hainbat obra publikoetan joan den apirilaren 14an. Garabiak martxan dira berriz ordutik, baita inguruotan ere. 

Usurbilgo Udaletik ohartarazi zutenez, Zumarte Musika Eskolaren Kale Nagusiko egoitza handitu eta birgaitzeko lanak martxan dira berriz. Aginagako erriberan eta Zubietako Learritza ibilbidean abian da beste obra bana. 

Kalezar, hainbat obren eremua
Kalezarren, Espainiako Gobernuak obrak geraraztea erabaki zuenean, Murkaiku eta Pikaola arteko bidegorriko lanak amaitzear zituzten. "Lanegun bat baino ez zitzaien falta", Usurbilgo Udaletik zehaztu zutenez. Sektore hau lanera itzultzea baimendutakoan, "amaitu dute dagoeneko". Antzeko egoeran da Kalezarretik mugitu gabe, etorkizunean auzotarren udal ekipamendua eta Emakumeen Etxearen egoitza nagusia izango den Pelaioenea eraikina ere. "Pelaioenearen estalkiaren obrak apirilaren 1ean hastekoak ziren. Orduan ezin zuten egin, baina aste honetan (apirila erdialdean) hasi dira lanean", jakinarazi zuen Udalak duela bi aste.

Irudiak: Usurbilgo Udala.